Udal tasak eta zergak izango dituzte hizpide biharko udalbatzarrean

Julene Frantzesena 2025ko urr. 6a, 08:00

Udaletxea.

Urriko ohiko udalbatzarra egingo dute hautetsiek bihar, 19:00etan, udaletxeko areto nagusian. 2026rako ordenantza fiskalak ez ezik, bi mozio ere landuko dituzte: EAJren Elkarbizitzaren alde eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren defentsan izeneko mozioa eta EH Bilduren Demokraziaren aldeko eta polizia eredua berrikustearen aldeko mozioa.

Udal ordezkariek urriko udalbatzarra egingo dute bihar, asteartearekin, udaletxeko areto nagusian, eta besteren artean, udal tasak eta zergak izango dituzte hizketagai. Hain zuzen ere, datorren urterako ordenantza fiskalei hasierako onespena emango diete biharko bilkuran.

Halaber, EAJk eta EH Bilduk euskal poliziari buruzko mozio bana ere eramango dute udalbatzarrera. Zehatzago esanda, EAJk Elkarbizitzaren alde eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren defentsan izeneko mozioa aurkeztuko du, eta EH Bilduk, berriz, Demokraziaren aldeko eta polizia eredua berrikustearen aldeko mozioa izenekoa.

Horrez gain, baina, Iraurgi Berritzen garapen agentzia berrantolatzeari eta Urola Erdiko beste herrietara zabaltzeari buruzko lan mahaia eratzeari onespena emango diote hautetsiek.

Honako hau da udalbatzarreko gai zerrenda:

1.- Udalbatzak 2025eko uztailaren 1ean eta irailaren 9an egindako bilkuretako aktak onartzea.

2.- 2026rako udal zerga agintarauen aldaketari hasierako onarpena ematea.

3.- 2025. urteko ekitaldiko aurrekontuan 2025-KALD-000004 zenbakidun kreditu aldaketa espedientea onartzea.

4.- Iraurgi Lantzen SA garapen agentzia berrantolatzeari eta Urola Erdiko beste herrietara zabaltzeari buruzko lan mahaia sortzeko protokoloa onartzea.

5.- Etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren arteko hitzarmena luzatzea onartzea.

6.- Azpeitiko Igerilekuko gimnasiorako hainbat kirol material errentamendu erregimenean (renting) hornitzeko eta instalatzeko kontratazio espedientea onartzea.

7.- Klimarako eta Energiarako Alkatetzen Ituna (Europa) sinatzeko erabakia onartzea.

8.- Eduki transfoboa duen gertaeren aurrean esku hartzeko eta erakundeen legitimazioa saihesteko mozioa.

9.- EAJren Elkarbizitzaren alde eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren defentsan izeneko mozioa eta EH Bilduren Demokraziaren aldeko eta polizia eredua berrikustearen aldeko mozioa.

10.- Alkatetzak 2025eko abuztuan emandako ebazpenen berri ematea.

11.- Galderak eta erreguak. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide