Asteburu magikoan murgilduta dira herritarrak atzotik; izan ere, abian da Txisteratik Egun Magikoak jaialdia Txisteratik elkartearen eta Kulturaz kultur kooperatibaren eskutik. Atzo egin zituzten lehen saioak Dinamoan, eta dozenaka magia zale elkartu ziren egitasmoari hasiera eman zioten gertuko magia galan zein Paco Agradoren hitzaldian.
Gertuko magia galarekin hasi zen beste behin jaialdia, Dinamoa sormen guneko Gorputzaren Eremuko gelan. Eneko Gutierrez, Oier Jurado eta Paco Agrado magoak aritu ziren askotariko trikimailuak egiten han bildutakoen gozamenerako, eta Iagomagoak aurkeztu zuen emanaldia. Iluntzean, berriz, Paco Agradok hitzaldia eskaini zuen Dinamoan bertan, magoei zuzenduta.
Atzoko saioen ostean, gaur izango da jaialdiko egunik magikoena. Beste behin, magoek kalera aterako dute magia, eta eguerdian magia poteoak hartuko ditu Alde Zaharreko txokoak. 19:00etan, berriz, Txisteratik gala nagusia hasiko da Soreasu antzokian. Aurtengoan, Joshua Kenneth, Enzzo, Julen Magoa, Tor eta Txoborro magoak igoko dira oholtzara, eta Iagomagoa izango da aurkezle orduan ere. Haien emanaldiaz gain, eguerdiko lehiaketaren sariak ere banatuko dituzte orduan. Sarrerak 10 euro balio ditu eta salgai daude Kulturaz.eus webgunean eta Sanagustin kulturgunean.