Abian da Organo Erromantikoaren Nazioarteko 26. Zikloa. Hain zuzen ere, Juan de la Rubia Bartzelonako Familia Santuaren basilikako organista titularrak eman zuen lehendabiziko kontzertua atzo, Loiolako basilikan. Hark Bachen, Alainen, Francken eta Tournemiren lanak eskaini zituen, besteak beste.
Urriaren 10ean, Loreto Aramendi eta Sarah Perarnaud organistak izango dira protagonista Loiolan, Jorge Pacheco perkusionistarekin batera. John Adamsen, Pierre Cochereauren, Emmanuel Sejourneren, Modest Mussorgskyren eta Carl Orff lanak eskainiko ditu hirukoteak zikloaren Azpeitiko bigarren emanaldian. Urriaren 17ko emanaldian, azkenik, Haendel, Faure, Ravel, Vierne, Guilamant eta Gounod artisten lanak jo eta abestuko dituzte Matias Sagresas organista argentinarrak eta Lucia Gomez mezzosoprano donostiarrak. Emanaldi guztiak Loiolako basilikan izango dira, 19:30ean hasita.