Askorako eman du 'Kontuan hartzeko kontatua' jardunaldiak

Aitziber Arzallus 2025ko urr. 5a, 10:57

Hitzaldiak, mahai inguruak, bazkaria, bertso saioa eta festa, denetarik izan da LGTBIQ+ kolektiboaren memorian eta erreparazioan sakontzeko Azpeitiko Udalak Eihera kooperatibaren laguntzarekin antolatutako jardunaldian.

Atzo, egun guztian, Kontuan hartzeko kontatua LGTBIQ+ kolektiboaren memorian eta erreparazioan sakontzeko Azpeitiko Udalak Eihera kooperatibaren laguntzarekin antolatutako jardunaldia izan zuten Azpeitian, eta askorako eman zuen egunak. Hitzaldietan eta mahai inguruetan, besteak beste, erreparazioaz eta memoriaz, transexualitate egoeran dauden haurren eta nerabeen errealitateez eta politika publikoez hitz egin eta hausnartu zuten parte hartzaileek; eguerdi partean, Azoka Plazan bazkari jendetsua egin zuten; eta arratsaldeko 18:30etik aurrera, jai kutsu handiagoa hartu zuen egunak, Sanagustinpean egin zuten bertso saioarekin eta ondoren Sanagustin kulturgunean bertan egin zuten festarekin.

Berez, arratsalde partean, bertso saio ibiltaria egin eta Sanjuandegitik kaleraino herria alderik alde zeharkatzeko asmoa zuten, baina eguraldiak lagundu ez zienez, Sanagustinpean egin zuten saioa. Aner Peritz eta Maider Arregi aritu ziren kantari eta giro polita sorrarazi zuten. Ondoren, 22:00etatik aurrera, kulturgunean jarraitu zuen festak, Maruxaken Folklore travesti ikuskizunarekin eta Bad Sound Sister DJarekin. 

(Argazkiak: Azpeitiko Udala eta Aitziber Arzallus)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide