Etiketa nutrizionalak ulertzeko ikastaroa eskainiko dute ostegunean Azoka Plazan

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 6a, 09:51

Hainbat herritar etiketa nutrizionalei buruzko ikastaro batean, Azoka Plazan.

Elikagaien etiketak irakurtzen jakiteko gakoak eskainiko ditu ostegun arratsaldean Aitziber Aizpuru nutrizionistak. Tailerra doakoa izango da.

Ostegun honetan, hilak 9, Etiketa nutrizionalen irakurketa izeneko ikastaroa eskainiko du Aitziber Aizpuru Eliku zentroko nutrizionistak. Tailerra Azoka Plazan izango da, 18:00etatik aurrera, eta doakoa izango den arren, beharrezkoa da izena ematea.

Azpeitiko Udalaren laguntzarekin, Elikaguneak eta Eliku zentroak antolatu dute tailerra, elikagaien etiketak interpretatzen jakitea erabaki onak hartzeko "funtsezkoa" dela iritzita. Antolatzaileek aurreratu dutenez, osteguneko ikastaroan osagai-zerrendak eta horien balore nutrizionalak ulertzen lagunduko du Aitziber Aizpuruk. Horri esker, herritarrek elikadura aukerak hobetzeko aukera izango dutela ziurtatu dute.

Gainera, eguneroko bizitzan elikadura ohitura osasungarriagoak izateko aholkuak ere emango ditu Eliku zentroko nutrizionistak. "Kontua ez da etiketak irakurtzea soilik, zure ikuspuntua bizitza orekatuago eta kontzienteago batera aldatzea baizik", adierazi dute antolatzaileek.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide