Bukatu dira Azpeitiko San Silbestre lasterketako proba nagusiko dortsalak

Nerea Uranga 2025ko urr. 6a, 09:59

Iazko San Silbestre lasterketaren une bat. (Ihintza Elustondo)

Sei kilometroko probaren izen emate muga bete da, atzo gauean bukatu ziren 1.200 dortsalak. San Silbestreko hiru kilometroko lasterketarako dortsak batzuk gelditzen direla adierazi du Xeye atletismo taldeak.

Atzo gauean bukatu ziren aurtengo Azpeitiko San Silbestre lasterketako sei kilometroko probako 1.200 dortsalak. Oraindik ere, hiru kilometroko probarako dortsal batzuk gelditzen direla adierazi du Xeye atletismo taldeak. Dortsal horiek kirolprobak.eus webgunean eskuratu daitezke.

Abenduaren 31rako hiru lasterketa prestatu ditu Xeye atletismo taldeak Azpeitian: 11:00etan, lasterketa irekia (300 metro) jokatuko da inklusibitatearen alde, eta parte hartzeko ez da izenik eman beharko; 11:30ean, hiru kilometroko lasterketa hasiko da, 12 urtetik aurrerakoentzat; eta 12:00etan, sei kilometroko 24. San Silbestre lasterketa hasiko da, 14 urtetik aurrerakoentzat.

Proba nagusiko izen ematea bukatuta, hainbat datu azaldu ditu Xeyek. Aurtengo San Silbestreko proban emakumeen parte hartzea %45ekoa izango da eta gizonena %55ekoa; partaideen artetik %57 azpeitiarrak dira eta %29 azkoitiarrak.

Boluntarioen beharra

San Silbestre lasterketa proba herrikoia dela gogorarazi du Xeyek, eta hori antolatzeko boluntarioen laguntza ezinbestekoa dela nabarmendu dute. "Hori dela eta, lasterketaren eguna gertuago denean, iaz bezala, boluntarioak izena emateko formularioa zabalduko dugu", esan dute antolatzaileek.

Azpeitiko San Silbestreko antolakuntzak "eskerrik beroenak" eman dizkie Azpeitiko Udalari, probaren babesleei, laguntza ematen duten elkarteei nahiz parte hartzen duten korrikalari eta boluntario guztiei.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide