Argazkilaritza eta literatura uztartzen dituen Irudhitzen lehiaketaren bederatzigarren edizioa martxan jarri du Gukak. Orain arteko edizioetan izan bezala, lehiaketak bi atal izango ditu: irudiena eta hitzena. Lehen fasea, irudiena, abian da dagoeneko, eta urriaren 19ra arte bidali daitezke argazkiak, eta berrikuntza gisa, aurtengo argazkiak bertikal formatuan aurkeztu beharko dira.
Aurtengo ediziorako aukeratutako gaia Kalean zehar da. Beraz, argazki lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek gai horrekin era batera edo bestera lotura duten irudiak aurkeztu beharko dituzte.
Lehiaketaren oinarriak
- Gaia: Kalean zehar.
- Zuri-beltzean nahiz koloretan ateratako argazkiak bidal daitezke.
- Irudiek Azpeitian ateratakoak izan behar dute.
- Ezinbestekoa da argazkiak bertikalean izatea eta JPG formatuan aurkeztea.
- Parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkez ditzake gehienez.
- Irudiak argazki kamerarekin edo mugikorrarekin ateratakoak izan daitezke, baina ahalik eta kalitate handiena izan behar dute.
- Argazkiak komunikazioa@ukt.eus helbidera bidali beharko dira, 'Irudhitzen lehiaketa' gaia jarrita, urriaren 19ra bitartean.
Lehiaketako irudien zatiaren irabazlea nor den erabakitzeko, hiru adituez osatutako epaimahai bat eratuko da, eta irabazleak 200 euroko saria eskuratuko du.
Lehen fasea bukatu ondoren hasiko da bigarrena, hau da, hitzena, eta herritarrek irudien epaimahaiak aukeratutako hamabi argazkiei hitzak jartzeko tartea izango dute, urriaren 27tik azaroaren 9ra.
Argazkia oinarri hartuta, parte-hartzaile bakoitzak erabakiko du zertaz idatzi: argazkiaz, irudiak sentiarazten dionaz, horren inguruan pentsatzen duenaz... Gehienez, 100 hitzeko testuak izan behar dute, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost testu aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara. Testu irabazlearen egileak 200 euroko saria eskuratuko du.
Sari banaketa abenduaren 11an egingo da Sanagustin kulturgunean, eta jarraian, aukeratutako argazkiekin eta testuekin osatutako erakusketa zabalduko da. Erakusketa abenduaren 19ra arte izango da zabalik.
Amaitzeko, Azpeitia Gukako harpidedun guztiek, argazki nahiz testu irabazleekin eratutako urteko egutegia jasoko dute etxean, abenduko Guka aldizkariarekin batera.
Parte hartu eta, zorte on!