Urtero moduan, trikitilariek eta trikitizaleek Trikigiro Eguna ospatuko dute urrian, eta Trikigiro elkarteak zehaztu du aurtengo hitzordua: urriaren 24an, ostiralez, ospatuko dute trikitiaren festa, eta egitarauaren barruan Sanagustin kulturgunean egingo duten afarirako txartelak ere salgai jarri dituzte antolatzaileek. Sanagustinen bertan edo kulturaz.eus atarian eros daitezke horiek, 25 eurotan.
Hilaren 24an, 21:00etan izango da afaria, baina hori baino lehenago hasiko da Trikigiro Eguna: 19:00etan, gazteen kalejirarekin eta triki-poteoarekin ekingo diote festari, eta 20:00etan guztiak batera ibiliko dira kaleetan, kalejira "erraldoia" egingo baitute orduan. 21:00etan, mahaiaren bueltan elkartu ostean, 23:00etan erromeriarekin borobilduko dute eguna.