Fikziozko mantu ilun batez estaltzen ari dira egunotan Azpeitia. Xanti Rodriguez (Azpeitia, 1978) eta Amancay Gaztañaga (Guayaquil, Ekuador, 1980) dira errudunak, haiek baitira datorren urtean EITBren Primeran plataforman ikusgai izango den Piztiak telesailaren zuzendariak. Klaketa kolpe batez itxi eta kameren argi gorriak pizten dituztenero, misterioa, fantasia, beldurra eta thriller-a jabetzen dira herriaz, eta bereziki, Urrestillako Bekola baserriaz, zeinak Lumazulo izena hartuko baituen fikzioan.
Azpeitiko hainbat txokotan eta nagusiki Urrestillan grabatzen ari da, irailaren 30az geroztik, Ospel films ekoiztetxeko taldea. Azpeitiko parrokian eta plazan, nahiz Urrestillako Bekola baserrian, dendan eta herrigunean ariko dira lanean, harik eta urriaren 30ean grabaketa amaituko duten arte.
Sei atal izango ditu Piztiak telesailak, eta Gipuzkoako herri txiki batean gertatu den istorio bat kontatuko du bakoitzak. Garaiak eta protagonistak aldatu egingo dira kapitulu bakoitzean, baina, nola edo hala, Lumazulo baserriaren behinola gertatutako zerbaiten aura ilunak harrapatuko ditu guzti-guztiak.
Karmen (Iraia Elias zarauztarra) Lumazuloko alaba da, eta Airbnb plataformaren bitartez alokatzen du baserria, eraikina mantentzeak dakartzan gastuak ordaintzeko. "Bisitari bakoitzak egoera desberdinak biziko ditu, baserriak modu desberdinetan jolastuko du beraiekin", aurreratu du Xanti Rodriguezek. Elkarren artean oso desberdinak diren pertsonaiak hartuko dute ostatu Lumazulon, besteak beste, hiriburu bateko aberaskume esnob batzuk, influencer batek eta kriminologo talde batek.
Talentu zailduak eta berriak
Amancay Gaztañagak idatzi du Piztiak-en gidoia, eta orain telesailaren grabaketa bi ahotsetara zuzentzen ari dira zinemagile zestoarra zein Xanti Rodriguez. Ez da elkarrekin lan egiten duten lehen aldia. “Hiru proiektu egin ditugu elkarrekin: Ospel, Pasaia eta Krak. Amancay aspalditik ezagutzen dut, eta sinergia ona daukagu, ikuspuntu antzekoak ditugu eta pelikula fantastikoak asko gustatzen zaizkigu. Niretzat, berarekin lan egitea erraza da", nabarmendu du azpeitiarrak.
Rodriguezen esanetan, gidoiaz eta aktoreez Gaztañaga arduratu da gehiago, eta berak alderdi teknikoa zuzentzen du batez ere, besteak beste, efektu bereziak. "Telesail honen ezaugarrietako bat izango da efektu berezi indartsuak izango dituela, horrek ardura eta lan gehigarriak eskatzen ditu", azaldu du.
Alta, zuzendari taldea baino askoz handiagoa da Piztiak telesailaren unibertsoa. Aktore lanetan ari dira, besteak beste, Xanti Agirrezabala eta Erika Olaizola azpeitiarrak, Iñigo Aranbarri azkoitiarra eta Paulo Urkijoren Gaua filmean protagonista lanak egin dituen Yune Nogeiras. Alde teknikoan ere badira izen handiak, hala nola, bi Goya saridun: Nerea Torrijos da jantzien eta diseinuaren zuzendaria, eta Xanti Salvador soinuaren arduraduna. "Ibilbide luzea egin duen eta oihartzuna duen jendea daukagu, baina baita talentu berria ere", nabarmendu du Rodriguezek.
Piztiak proiektua urtea amaitzerako bukatuta izango dutela aurreikusten du Xanti Rodriguezek, eta esan du 2026an emango dutela Primeran plataforman, kapitulu bat astero, nahiz eta oraindik data zehatzik ez duten.