Kontrako emaitzak izan dituzte asteburuan Lagun Onak futbol klubeko bi talde nagusiek.
Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako taldeak larunbat arratsaldean Garmendipen, jokatu zuen Tolosaren kontra. Partida hasi orduko, hiru minutura, Tolosakoek lehen gola sartu zuten Lagun Onakekoen kontra, eta hortik aurrera, ia lehen zati osoan, atzetik ibili zen Azpeitiko taldea. Dena den, berdinketako gola sartu zuen Lorea Ruedak 41. minutuan, markagailua 1-1 jarriz.
Bigarren zatia hasi eta laster, bigarren gola sartu zuten Tolosakoek. Hala, 48. minutuan 1-2 adierazten zuen Garmendipeko markagailuak. Baloiaren jabetza lortzeko lanak izan zituzten Azpeitiko futbolariek, nahiz eta aukerak izan aurkarien atea ezin zulatuta aritu ziren. Kontrako futbolariek, ordea, 69. minutuan hirugarren gola sartzea lortu zuten. Lagun Onakekoek azken minutura arte ez zuten ameto eman, baina 1-3 galdu zuten zapatuko partida.
Datorren asteburuan Bergararen kontra jokatuko du Emakumeen Ohorezko Erregional Mailako Lagun Onakek, Bergaran (Gipuzkoa).
Punturik gabe etxera
Espainiako gizonen Hirugarren Mailako Lagun Onakek ere ez du punturik eskuratu asteburuan jokatutako jardunaldian. Gasteizko Los Astronomos futbol zelaian jokatu zuen San Ignacio A-ren kontra atzo arratsaldean.
Partida malkartsua izan zen bi futbol taldeentzako atzokoa. Dena emanda jardun zuten Gasteizko futbolariek, "epelegi" jardun zuen epaile baten partidan; zazpi txartel hori jaso zituzten, eta "horietako bakarren batek gorria behar zuen". Lagun Onak bere jokoa egiten saiatu zen, partidaren hiru laurdenetan kontrarioa baino gehiago zela erakutsiz, golak sartzea bakarrik falta izan zitzaion.
Lehen zatian, behin bakarrik iritsi ziren Gasteizkoak Lagun Onakekoen atera. Azpeitikoak, aldiz, aurkariaren atetik gertu ibili ziren sarri, baina San Ignacioko atezainaren lan ona izan zuten golak sartzeko oztopo.
Bigarren zatian, zelaiaren erdiko jokoa kontrolatuz aritu ziren Lagun Onakekoak, eskuinaldean lan ona eginez. 73. minutuan, baina, kontrakoek gola sartu zuten. Hortik aurrera futbolik ez zen ikusi Los Astronomos zelaian. Gasteizko futbolarien "abilezia eta eskarmentua" gailendu ziren, behin eta berriro faltak eginez eta min hartu izanaren itxurak eginez: "denbora ugari galdu zen alferrik, epailearen balekoarekin". Partida bukatzeko minutu baten faltan, Jagoba Erdoziari penaltia egin zioten, baina epaileak ezikusiarena egin zuen.
Nahiz eta Lagun Onakekoak gehiago izan, 1-0 galduta etxeratu ziren.
Datorren asteburuan sailkapeneko liderraren kontra jokatuko du Lagun Onakek, Portugaleteren aurka ariko da Garmendipen.