Karmele pelikula emango dute igandean eta astelehenean Soreasu antzokian. Igandeko emanaldia 19:30ean hasiko da; astelehenekoa, aldiz, 21:00etan. Sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eros daitezke jada; eta emanaldiak hasi aurretik Soreasuko leihatilan ere bai.
Asier Altuna zinema zuzendari bergararraren lan berria da Karmele, eta erbestea da kontatzen duen istorioaren ardatza. Hala, 1937an Karmele (Jone Laspiur) eta haren familia Frantziara joango dira, gerraren ondorioz etxetik kanporatuak izan ondoren. Han, protagonistak erbesteko euskal enbaxadaren proposamena jasoko du, dantza eta musika ikuskizunen bitartez gerraren kontra borrokatzeko.
Han ezagutuko du Txomin (Eneko Sagardoi), tronpeta-jole profesional bat, eta harekin maiteminduko da. Denbora batez Venezuelan bizi ondoren, bikotea etxera itzuliko da, kendu zieten guztia berreskuratzeko esperantzarekin.
Kirmen Uriberen Elkarrekin esnatzeko ordua eleberrian oinarritutako film historikoa da Karmele, eta Zinemira saria jaso du aurten. Nagore Aranburu aktore azpeitiarrak parte hartzen du pelikulan.