Omenaldi hunkigarri batekin agurtu dute Xabier Aranbarri

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 6a, 20:31

Haritz Etxeberria 'Ministro' bertsotan, Aranbarriren elizkizunaren ostean. (Nerea Uranga)

Musika, dantza eta bertsoak nahastu dira Xabier Aranbarri Kulturaz kooperatibako kudeatzaileari gaur eskaini dioten azken agurrean.

Atzo, igandea, zendu zen Xabier Aranbarri (Azpeitia, 1970) Kulturaz kultur kooperatibaren kudeatzailea, eta haren aldeko hileta elizkizuna egin dute gaur, 19:00etatik aurrera, Azpeitiko Soreasuko Sebastian Donearen parrokian. Herritar ugari bildu da gaixotasun baten ondorioz 54 urterekin hil den kulturgilea agurtzeko hiletan.

Herriko hainbat taldek eta norbanakok bat egin dute Aranbarriri eskainitako omenaldian. Elizkizunean, Ignacio Arakistainek organoan, Felipe Murillok kantuan eta abesbatzek hiru bat pieza interpretatu dituzte. Behin meza bukatutakoan,  Trikigiro kultur elkartekoen laguntzarekin, Itsasikoek aurreskua egin dute, eta kulturgilea bertsoz omendu du Erniarraitz bertsozale elkarteko Haritz Etxeberria Ministro-k. Amaitzeko, Bulego taldeko Tomas Lizarazuk gitarra hartuta kantuan egin du.

Tomas Lizarazu kantuan. (Nerea Uranga)

Kulturaz kooperatiba sortu zenetik, 2011ko udaberrian, aritu zen zuzendari lanetan Xabier Aranbarri, Azpeitiko Kultur Mahaiak proposatuta. Mahaiak Sanagustinerako proiektua udal deialdira aurkeztu zuen, gunea etengabeko topaleku izan zedin. Hartarako kooperatiba bat sortu zuen. 2011ko uztailean ireki zuten Sanagustin osatua —eguneroko martxarekin eta ostalaritza zerbitzuarekin—, eta Kulturazek hartu zuen kudeatzeko ardura. Kooperatibak, gaur egun, Sanagustin kulturgunea, Soreasu antzokia eta Dinamoa sormen gunea kudeatzen ditu. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide