Herritarrak buruko osasunaz sentsibilizatzeko, Osamenekoak kalera aterako dira ostiralean

Nerea Uranga 2025ko urr. 8a, 07:59

Azpeitiko Osamen errehabilitazio psiko-sozialeko zentroaren egoitza. (Nerea Uranga)

Hemen gaude, ez zaude bakarrik lelo hartuta, Azpeitiko Osamen errehabilitazio psiko-sozialeko zentrokoek sentsibilizazio postuak jarriko dituzte kalean ostiralean, Buruko Osasunaren Nazioarteko Egunean.

Urriaren 10a, ostirala, Buruko Osasunaren Nazioarteko Eguna da. Aurtengoan, beste behin, Hemen gaude, ez zaude bakarrik mezua zabalduko dute kaleetan Osamen errehabilitazio psikosozialeko zentroko erabiltzaileek.

Buruko Osasunaren Nazioarteko Egunari lotuta, buruko osasunaren inguruan herritarrak sentsibizatzeko hainbat ekintza egingo dituzte. Esaterako, Azpeitiko Liburutegiarekin elkarlanean, buruko osasunari lotutako liburuen zerrendarekin eskuorri bat osatu dute. Horrez gainera, Azpeitiko, Azkoitiko, Zestoako eta Zumaiako hainbat zerbitzu publikotan nahiz Zarauzko buru osasuneko zentroan jartzeko sentsibilizazio kartel bat egin dute. Toki horietan liburuen inguruko eskuorriak ere jarriko dituzte eskuragarri.

Kartelerako eta eskuorrirako Ilustrazioa Idoia Neves artista getariarrak egindakoa dela adierazi dute Osamenekoek. "Oso gustura gaude Nevesek musu truk egin digun lanarekin. Buruko osasuna irudikatzen duen marrazki horrek oso ondo uztartzen ditu Osamen zentroko erabiltzaileok eta langileok zabaldu nahi ditugun hitzak eta mezua. Irudia oso esanguratsua da: pertsona bat agertzen da bere burua besarkatzen, eta ulertu, onartu, errespetatu eta zaindu hitzak daude idatzita. Horixe da Osameneko erabiltzaileok gizarteari eskatzen dioguna: ulertu, onartu, errespetatu eta zaindu gaitzatela. Bizitzako zailtasunei eta une gogorrei aurre egitea errazagoa baita denon laguntzarekin eta onarpenarekin", adierazi dute Azpeitiko Osamen zentrokoek.


Idoia Neves artista getariarrak egindako irudiarekin Osamenekoek egin duten kartela.

"Elkarren beharra" nabarmendu dute Osamenekoek, maitatua izatea eta sentitzea pertsona guztien beharra dela azpimarratuz. "Guztiok behar dugu ulertuak, onartuak, errespetatuak eta zainduak izatea. 'Gizakia izaki soziala da', zioen Aristotelesek".

Nevesek sortutako irudien kartelak hainbat tokitan zabaltzearekin batera, herritarrak buruko osasunaren garrantziaz sentsibilizatzeko, Osamenekoak kalera aterako dira ostiralean, Buruko Osasunaren Nazioarteko Egunean. Hala, Azpeitiko hainbat tokitan egongo dira sentsibilizazio mezua duten giltzatakoak banatzen, borondatearen trukean. Jendeak emandakoarekin jasotakoa era horretako ekintza gehiago egin ahal izateko erabiliko dute.

Sanagustin kulturgunean bazkalduz bukatuko dute ostiraleko eguna. Bazkaltzeko Osamen zentroko erabiltzaileak, profesionalak eta familiak elkartuko dira.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide