Esklabak Zentro Sozialistaren zazpigarren urtemuga ospatuko dute hilaren 18an

Julene Frantzesena 2025ko urr. 7a, 08:58

Hainbat lagun Esklabak Zentro Sozialistaren atarian. (Urola Erdiko Kontseilu Sozialista)

Besteak beste, hitzaldia, bigarren eskuko azoka, paella txapelketa, bazkaria, boxeo ikuskizuna, parrillada eta DJ emanaldia egingo dituzte. Salgai daude bazkaritarako sarrerak eta paella txapelketarako izen-ematea zabalik. Festa egunaz haratago, urteurren eguna Esklabak Zentro Sozialistan egunero gauzatzen duten jardunari begiratzeko eta komunitatea handitzeko baliatu nahi du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak.

Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako kideek prest dute Esklabak Zentro Sozialistaren zazpigarren urtemugako egitaraua. Urriaren 18an, larunbatez, egun osoko festa eguna izango da Esklabetako ezker hegalean eta haren atarian; besteak beste, hitzaldia, bigarren eskuko azoka, paella txapelketa, bazkaria, boxeo ikuskizuna, parrillada eta DJ emanaldia egingo dituzte.

Eguerdian egingo duten paella txapelketarako izen-ematea zabalik da dagoeneko; hain zuzen ere, hilaren 12a, igandea, izango da horretarako azken eguna. Parte hartu nahi duten herritarrek gehienez hiru laguneko taldeak osatu beharko dituzte, eta izena emateko 611 64 13 67 telefono zenbakira Whatsapp mezua bidali beharko dute.

Festa egunaz haratago, urteurren eguna Esklabak Zentro Sozialistan egunero gauzatzen duten jardunari begiratzeko eta komunitatea handitzeko baliatu nahi du Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak. "Gizarte kapitalistak hainbat eta hainbat sektore kolpatzen eta pobreziara kondenatzen dituen bitartean, Esklabek sektore kolpatu horien babesleku eta topaleku izan nahi dute", esan dute Kontseilu Sozialistako ordezkariek. Bestalde, jarraian egingo duten bazkarirako txartelak ere salgai daude Haginpe tabernan, zortzi euroren trukean.

Halaber, haien arabera, hango jardunak gizartea antolatzeko eta pentsatzeko "elkartasunezko kodeak" ditu oinarrian, "diruaren logikatik kanpo". Horregatik, urtemuga jaia "lan militantea oroitzeko" eguna ere badela esan dute, "komunitate politiko berri baten sorreraren ezinbesteko oinarri dena". Urriaren 18an egindakotik ikasteko eta aurrea dagoenari konpromisoz eta gogoz heltzeko bultzada ere izan nahi duela adierazi dute.

Hona hemen zazpigarren urtemugarako prestatu duten egitaraua:

  • 10:00. Zentro sozialistak eta okupazioa hitzaldia.
  • 12:00. Bigarren eskuko azoka, bermuta eta musika Albiren eskutik.
  • 13:00. Paella txapelketa.
  • 14:30. Bazkaria.
  • Ondoren, bingoa.
  • 17:30. Boxeo ikuskizuna. Hiru euro ordaindu beharko da.
  • Ondoren, parrillada eta DJ Supernerasen emanaldia.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide