Burdinbidearen Euskal Museoak 31. urteurrena ospatzeko jarduera bereziak antolatu ditu larunbaterako, Azpeitiko instalazioetan gordetzen duen ondarea ezagutarazteko helburuarekin. Horrela, Lasaora joan-etorri bereziak egingo dituzte Zugastieta, Aurrera eta Euzkadi lurrunezko tren makinek, 11:00etan, 12:00etan, 13:00etan, 17:00etan eta 18:00etan.
Horiez gain, Espinal tren elektrikoa ere jarriko dute martxan –martxan dagoen museoko tren makinarik zaharrena–, eta baita lurrun garabia ere; eta hainbat erakustaldi egingo dituzte tailer mekanikoan eta tranbietan. Jardunaldia 10:30ean hasiko dute, museoaren irekierarekin, eta 14:00ak arte zabalik egongo da. Arratsaldez, 16:00etatik 19:30era izango da zabalik.
Igandean ohiko bidaia egingo du lurrun trenak, 12:00etan abiatuta.