Noiz eta nolatan etorri zinen Azpeitira bizitzera?
2014ko irailean etorri nintzen Azpeitira bizitzera. Nire bikotekidea azpeitiarra da, eta horrek izan zuen eragina. Era berean, nire ibilbide profesionalarekin jarraitu nahi nuen irakasle gisa, eta hemen banuen horretarako aukera.
Zaila izan al zen sorlekua utzi eta Euskal Herrira etortzea? Ondo moldatu al zinen hasieratik?
Ondo moldatu nintzela esango nuke. Hona etorri aurretik Frantzian bizi izan nintzen hainbat urtez, etxetik urrun, eta hori ere lagungarria izan zen. Udara ia guztietan joaten naiz AEBetara, etxera, familiarengana, eta horrek asko errazten du prozesua.
Gustatu al zitzaizun herrira iritsitakoan aurkitu zenuena? Nolakoak izan ziren hastapenak lana aurkitzeko, jendearekin harremantzeko...?
Euskal Herriko paisaiak asko gustatu zitzaizkidan eta herriko bizimodua ere bai. Filadelfia inguruko herri batekoa naiz, eta han ezin da oinez edo bizikletaz ibili behar duzun toki guztietara joateko. Lana aurkitzeko izan nituen aukerei dagokienez, nahikoa ondo moldatu nintzen. Hainbat ingeles akademiarekin jarri nintzen harremanetan, eta nahiko erraza izan zen lana aurkitzea. Gerora, neure eskola propioa irekitzea erabaki nuen, eta orain pozik nago bertan.
Badira urteak zure ingeles akademia propioa ireki zenuenetik. Horrek lagundu al dizu jende berria ezagutzen?
Jende asko ezagutu dut lanaren bitartez. Askotan esaten diet familiakoei eta lagunei munduko ikasle onenak dauzkadala. Beraiei esker inoiz ahaztuko ez ditudan oroitzapenak ditut eta oso eskertuta nago.
Zer-nolako harremana duzu euskararekin?
Herritik nabilenean beti saiatzen naiz euskaraz hitz egiten, baina oraindik lan asko daukat egiteko. Hizkuntza entzundakoan dezente ulertzen dudan arren, hobeto hitz egitea gustatuko litzaidake. Urtebeteko alaba daukat, eta berarekin euskara gehiago eta hobeto ikastea ametsa litzateke.
Euskaldun ez izatea traba al da Azpeitian herriratzeko?
Jendeak oso ondo hartu nau beti eta zentzu horretan ez dut arazorik izan. Dendetan eta tabernetan euskaraz hitz egiten saiatu izan naiz, eta asko eskertzen du jendeak. Bikotekidea euskalduna denez, zailak izan zitezkeen gauza asko ez ditut egin behar izan eta lanaren bidez ezagututako lagunekin eta abar ingelesez komunikatzen naiz. Beraz, nahiko ondo moldatu naiz, oraingoz.
Nolakoa da zure egunerokoa hemen?
Goizak nire gustuko gauzak egiteko edo bestelako zereginetarako aprobetxatzen ditut gehienbat. Gero, eguerdian, akademiara joaten naiz eskolak prestatzera, eta 15:00etatik aurrera ikasleak etortzen zaizkit. Beraz, 20:00ak edo 21:00ak arte lanean egoten naiz.
Zer da Azpeititik gehien atsegin duzuna, eta zer gutxien?
Ez dakit esaten zer gustatzen zaidan gutxien, gauza onak txarrak baino askoz gehiago dira Azpeitian.
Zer ekarriko zenuke zure jaioterritik Azpeitira?
Faltan botatzen ditudan familiako kideez eta lagunez aparte, nire herrialdeko jaki ezagun batzuk ekarriko nituzke hona; esaterako, hoagie deitzen diren ogitarteko moduko batzuk.
Zer mezu emango zenioke Azpeitira iritsi berria den bati?
Euskaraz esaldi eta hitz batzuk behintzat ikasteko esango nioke. Gutxi izanda ere jendeak asko eskertzen du, berezia da saiatzen zarenean bertakoei sortzen diezun poza ikustea. Inguruko bazterrak ere ezagutzeko esango nioke, txoko guztietan daude ikusteko toki ederrak eta hainbat gauza egiteko.