Balio ekologiko handiko ibaia da Urola; bizileku dute arrain komunitateek, eta arroa inguratzen duten zuhaitzetan eginiko habietatik elkarri urruma egiten diote txoriek. Alta, Azpeitia igarotzen duen Urola ibaia ohiko habitata da, halaber, gizakiak ahalkegabe jaurtitzen duen zaborrarentzat, eta urak behar duen espazioa janda eraiki dituzten etxebizitzak, zubiak eta bestelako azpiegiturak ezbeharrari aurrez aurre so egiteko harmaila bilaka daitezke uholde baten aurrean. Egindako kalteen ondorioz gaixotu duen ibaiaren sendagile izatea dagokio orain gizakiari.
Ibaiaren zaintzak edo mantentzeak alde anitzetatik esku hartzea eskatzen du, eta giza zaborrarena da kudeatu beharreko arazo handietako bat, hondakinek askotariko kalteak eragin baititzakete ibaian. "Kasuistika desberdinak daude. Adibidez, aspalditik kutsakortzat ditugun pilek edo pintura nahiz olioa bezalako jariakinek kalte zuzenak egiten dituzte erreketan, ibaietan eta, handik aurrera, itsasoan. Solidoagoak diren hondakinek, pneumatikoek, adibidez, pixkanaka mikroplastikoak eta gurpilak egiteko erabiltzen diren substantziak askatzen dituzte. Orain horietan fokua jartzen ari gara ikertzaileok, eta ikusi dugu espero baino kalte gehiago eragiten dituztela espezie jakin batzuetan. Zaborrak, orokorrean, kaltea eragiten du, eta hilkortasuna eragin dezake zenbait izakiengan", azaldu du Aitor Larrañaga Arrizabalaga EHUko Biologia graduko irakasleak.
Azkoitian eta Azpeitian jarduten duen Urola Bizirik natur taldeak ere kezkaz bizi du zaborraren auzia, eta prebentzioan, kontzientzian, garbiketan nahiz zigorrean indarrak biderkatu behar direla iritzi du. Zeren, talde horretako Aitor Aldalurren eta Luis Juaristiren irudiko, azken urteetan zaborra ibaira jaurtitzeak eragin dezakeen minaren kontzientzia areagotu bada ere, asko dago egiteko oraindik. Horren froga dira, esan dutenez, festa gau baten ostean Azpeitian ikus daitekeen "panorama" –"zabor pila bat metatzen da, eta ibaira doa asko", zehaztu du Juaristik–, baserri inguruetatik ibaira iristen diren plastikoak edo Urolan azaltzen den pneumatikoen kopuru deigarria, besteak beste.
"Egia da garai batean baino kontzientzia handiagoa dugula, baina orain sortzen dugun zabor kopurua ere askoz handiagoa da", agertu du Aldalurrek. Eta datu batekin jantzi du hark esandakoa Juaristik: duela bost urte inguru, Urola Bizirikek enpresa batekin antolatu zuen lehenengo ibai garbiketan, sei tona zabor bildu zituzten Urola ibaiak Azpeitian hartzen dituen hamar kilometroetan, eta beste bi tona Ibaieder errekan. Geroztik egin dituzten garbiketetan, zorionez, zabor gutxiago batu izan dute, eta natur taldekoek aipatu dutenez, besteak beste, ibaiaren inguruan hondakinak uretara ez erortzeko helburuz jarritako saretak izango zuen horretan eragina.
Hainbat urtez, Urola Bizirikek ibaiko zaborra garbitzeko deialdi irekiak egin izan ditu, baina segurtasun kontuengatik, hori egiteari utzi behar izan zion. Berez, Eusko Jaurlaritzaren Ura Agentziari dagokio ibaien mantentzea, eta udala arduratzen da hiri hondakinez, hau da, zaborra ibaitik ateratzeaz eta, ostean, dagokion eran kudeatzeaz. Azpeitiko Udalak diru partida bat bideratzen du urtero ibaiaren garbiketarako; 2025ean, zehazki, 33.000 eurokoa izan da. Erakundeak kontratatutako espezializatutako enpresa batek urtean behin garbiketa sakona egiten du ibaian, eta "horrez gain, Ekoetxearen edo ikastetxeen ekimenez, ibai garbiketak egin izan dituzte ikasleek", azaldu du Joanes Amenabar Azpeitiko Udaleko Ingurumen eta Auzoen batzordeko lehendakariak. "Horiek positiboak dira, ibaiak garbitzen dituztelako, baina nagusiki sentsibilizazioaren ikuspegitik asko laguntzen dutelako. Kontzientzia hartzeko, bertan pilatzen den zaborra ikusi besterik ez dago", gaineratu du.
Noski, legez kanpokoa da ibaira zaborra jaurtitzea, baina arau hauslea identifikatzea ez da lan makala. "Ibaian isuriren bat agertu izan denean, udaleko baliabideekin isuriaren jatorria identifikatu izan dugu, Ura Agentziari horren berri emateko. Baina oso zaila da ibaira gurpil bat bota duen pertsona identifikatzea. Momentuz, ez dugu hortik aurrera egin. Agian, bestelako neurriak pentsatu behar ditugu", agertu du Amenabarrek.
Urola Bizirikeko kideen ustez, ibaiko zaborra prebenitzeko nahiz kutsaduraren arduradunak zigortzeko eta inpunitatearekin amaitzeko modu bat izan daiteke Urola ibaia osorik gainbegiratuko duen pertsona bat egotea. "Ez dakit Ura Agentziaren ardura izan daitekeen; gu geu laguntzeko prest ginateke. Horrekin, lortuko genuke jakitea zein den zaborraren jatorria eta zer egin beharko genukeen halakorik ez gertatzeko", esan du Juaristik. "Basozainek, adibidez, badute ahalmena isunak-eta jartzeko. Ibaian ere halako pertsona bat behar dugu, agintea izango duena", gaineratu du Aldalurrek.


Azpeitia, arrisku eremua
1983ko abuztuan urak eta lohiak hartu zuten Azpeitia, Euskal Herriko beste hainbat udalerri bezala. Uda garaian ohikoak ez diren katiuskak jantzita ikusi zuten herritarrek hazitako urek eragin dezaketen suntsiketa. Askok erretinan gordeta izango dituzte orduan ikusitakoak, eta Azpeitiko etxe guztietako irratiak eta telebistak zipriztindu zituzten Valentziako (Herrialde Katalanak) iazko uholdeen artegak iraungo die beste askori.
Uholdeak gizakiak kontrolatu ezin dituen kausa naturalek eragiten dituztela zehaztu du Larrañagak, euri jasa bortitzek, zehazki. Hala ere, gaineratu du klima aldaketarekin atmosfera azkartzen ari dela eta, beraz, gero eta arruntagoak dira euriteak. "Ondorioz, gero eta arruntagoak izango dira uholdeak ere, hori ziurra da", ohartarazi du.
Horrez gain, badira uholdeen eragina larritu dezaketen aparteko faktoreak, biologiako irakasleak aipatu duenez: "Lurraren okupazioa da horietako bat. Segun eta zer erabilera ematen diogun lurzoruari, uholdearen eragina handiagoa edo txikiagoa izango da. Adibidez, eremu zabalak asfaltoz edo hormigoiz estaltzen baditugu, euri ura oso azkar iritsiko da erreketara, beraz, erreketako eta ibaietako ur mailak oso azkar egingo du gora. Bestalde, substratu iragazkorragoa bada, lurzoruak uraren garraioa mantsotzen du ura ubideetara iritsi bitartean, eta uholdeak gertatzea zailagoa da. Baso naturalek, adibidez, belaki efektua egiten dute, eta landaketa eremuetan, kontrara, ura oso azkar iristen da ubideetara. Gizakiok, beraz, badugu erantzukizun bat, eta baditugu zenbait tresna uholde arriskua gutxitzeko erabil ditzakegunak, baina, esan bezala, klima aldaketaren eraginez uholdeak gero eta arruntagoak izango dira".
Udaleko Ingurumen batzordeko ordezkariak nahiz Urola Bizirikeko kideek ziurtatu dute, 200dik gora hildako utzi zituen Valentziako uholdeen ostean, hainbat herritarrek jo dutela beraiengana, arduratuta. Ez dira funtsik gabeko kezkak, Azpeitia arrisku eremua baita uholdeei dagokienez, Iñigo Citores Ura Agentziako teknikariak baieztatu duenez. Eusko Jaurlaritzaren menpeko agentzia horrek garatu duen Uholde Arriskuak Kudeatzeko Planak arrisku mailaren araberako lau taldetan sailkatzen ditu zenbait eremu, eta Azpeitia lehenengoan dago, arrisku gehien izan dezaketen udalerrien taldean.
Gainera, herriaren ingurunean kokatzen da uholdeen ikuspegitik "puntu kritikoa" izan daitekeena. Azoka Plazaren azpiko eremutik beherako gunea da hori, hainbat faktorek bat egiten baitute bertan: Ibaieder ibaiadarra batzen da Urolarekin, eta Enparan zubia ere bertan dago. Hala ere, herritarren kezkei ihardespen azkarrak ematea baino, Amenabarrek esan du udalak nahiago duela "aztertutako erantzunak" eman, arriskuaren kontzientzia izatea bezain garrantzitsua baita beldurrak baretzea.
Landaredia eta uste okerrak
Hala, Azpeitiko Udalaren erronkarik behinena da uholdeen kalteak prebenitzea, eta zentzu horretan, erabakigarria den beste faktore baten gainean lanean ari da: Urola ibaiko landaredia. Zeren, ibaiaren garbiketaz aritzerakoan, ez dira soilik bertan pilatzen den zaborra husteaz ari. Ibilguan hazten den landarediak ere esku hartzea behar izaten du; normalean, hura "arintzeko" lanak egiten dira, Udal Ingurumen eta Auzoen batzordeko buruak zehaztu duenez. Eremu urbanoetako landarediaren garbiketa udalei dagokiela dio legeak, eta ibaiaren ibilguan dauden oztopo urbanistikoen mantentzea ere, zubiena gehienbat, udalaren ardura da Azpeitiaren kasuan, hark zehaztu duenez. Hala ere, Ura Agentziak eta Azpeitiko Udalak duten hitzarmen bati esker, elkarlanean egiten dituzte lan horiek.
Mantentze horren garrantzia, hortaz, ez da mugatzen garbitasun estetikora. Are, zenbait uste oker gezurtatu behar direla defendatu du Amenabarrek. Besteak beste, esan du ez dela egia zenbat eta landare gutxiago izan hobeto dagoela ibaia, ertzak landarez soiltzeak uholde arriskua areagotu baitezake. Zinegotziak esandakoarekin bat egin du Larrañagak ere: "Urte askotan pentsatu izan da kudeaketa egokia zela kanala libre uztea, ura ahalik eta azkarren ebakuatzeko. Baina ikusi dugu horrek eragiten duen bakarra dela hurrengo herrian uholdea askoz larriagoa izatea". Ildo beretik, Aldalurrek aipatu du Azpeitian, Landeta inguruko ibaiaren zatian, "ia dena kanalizatuta" dagoela. "Horrekin amaitu beharra dago. Natura bera ari da pixkanaka bidea zulatzen, baina makina batek pare bat astetan egingo luke lan hori. Presak eta ibaiari jarri dizkiogun bestelako oztopoak kentzeko bidea egin behar dugu", esan du.
Abuztuan egin zituzten udalak eta Ura Agentziak Azoka Plazako ibaiaren eremuko landaredia arintzeko lanak. Esku hartze horretan, sei metro kubiko hondakin erretiratu zituzten agentziako langileek, eta udalak kudeatu zituen geroko egitekoak, Iñigo Citoresek zehaztu duenez. Baina esku hartzen hasi aurretik, azterketa bat egin zezala agindu zion udalak Basoinsa enpresari, lan horiek ez zezaten uholde arriskua areagotu. "Ura Agentziaren eta udalaren arteko elkarlan horretan kanpoko enpresa bat sartzea garrantzitsua iruditzen zitzaigun, nahi genuelako errespetatzea Urola ibaiak Azpeitiko kaskotik pasatzen denean duen balio ekologikoa, zeren, ibaia oso osasuntsu dago flora eta fauna aldetik, eta uholdeak ekiditeko, egin behar genituen arintze lan horiek kontu handiz egin nahi genituen. Basoinsak xehetasun handiko azterketa bat egin zuen, hori Ura Agentziarekin partekatu genuen udaren aurretik, eta orain azterketa hori nahiz agentziaren jakintza uztartuta, landaredia arintzeko modu egokiena prestatzen ari gara", adierazi du Ingurumen batzordeburuak.
Aipatutako diagnostikoa oinarri hartuta, aurrera begira ibaietan egin beharreko esku hartzeen plangintza osatzen ari dira, eta jadanik zehaztu dute zer egin beharko litzatekeen herrian uholdeen larritasuna murrizteko. "Neurri pila bat dira –azaldu du Citoresek–. Zubiak aldatzea da garrantzitsuenetakoa, zeren zubiak dira oztopo handienak uholdeak datozenean; horrez gain, hormak altxatzea edo ibilgua zabaltzea dira beste neurri batzuk. Bestalde, Azpeitian badira ibaia estalita daukaten eremu batzuk, eta horiek bistaratzea litzateke helburua. Neurri horiek guztiak fase desberdinetan egitea da asmoa".
Hala ere, ohartarazpen garrantzitsu bat egin du Ura Agentziako teknikariak: "Lan horiek guztiak eginda ere, segurtasuna hobetu daiteke, baina zero arrisku izatea guztiz ezinezkoa da". Arrisku horren aurrean, herritarrentzako abisu sistema nahiz ibaiaren emariaren aurreikuspenak indartzea da gakoa, Citoresen esanetan. "Beste erkidego batzuetan ez bezala, Ura Agentziak emaria aurreikusten du Euskalmetek bidaltzen dizkigun euriaren aurreikuspenekin eta sistema matematiko baten laguntzaz. Zenbait erabaki hartzeko, zonalde bat hustu behar bada adibidez, oso garrantzitsua da", esplikatu du.
Aurki aurkeztuko dituzte plangintza horren xehetasunak jendaurrean. "Espero dugu datozen hilabeteetan kaskoan ditugun Ibaieder eta Urola ibaiak arintzen joango garela uholde arriskuari dagokionez ahalik eta ondoen uzteko eta, betiere, ikuspuntu ekologikoa aplikatuta", aurreratu du Joanes Amenabarrek.
Ikuspegi integralaren beharra
"Gaur egungo mundu antropiko honetan, ibaiek zaintza behar dute, neurri batean parke urbanoak bilakatu direlako", esan du biologia irakasleak: "Hiriguneetan, erreken eta ibaien eremu naturala estutu egin dugu, eta horrek haien gaineko zaintza egitea exijitzen du; horren gertu gaude, eragina duela gure osasunean nahiz sistema naturalaren funtzionamenduan, eta uholdeei edo lehorteei begira, uraren emaria kontrolatu behar da. Berez, gizakia ez balego arro horietan, ibaiak bere erara funtzionatuko luke, eta beste edozein sistema bezala, autoerregulatu egingo litzateke". Hortaz, Amenabarrek aipatutako ikuspuntu ekologiko hori aplikatzeak, funtsean, ibaia lehengoratzea eskatzen du. "Gaur egun, naturan oinarritutako irtenbideak bultzatzen dira. Hau da, pentsatu behar dugu ibaiak naturalki nola funtzionatzen duen, eta horrantz egin behar dugu", defendatu du Larrañagak.
Ildo beretik, Iñigo Citoresek nabarmendu du mendietako errekak "ahalik eta naturalen" mantendu behar direla, "euri asko egiten duenean ura ez dadin oso kanalizatuta jaitsi herrietara". Horrez gain, ibaien balio ekologikoa babestu nahi bada, eremu urbanoak gurutzatzen dituzten ibai zatiek "lotura" gisa funtzionatu behar dutela esan du Ura Agentziako teknikariak: "Herritik behera eremu oso naturala baldin badago, eta herritik gora ere bai, lortu behar dugu herriko eremu horrek lotura gisa funtzionatzea bertako faunarentzako eta florarentzako. Herriko eremua ez da izango ibar-baso baliotsuena, baina komeni da herri bakoitza ez izatea lotura ekologiko horren eten bat".
Norabide horrekin bat egiten du Urola Bizirikek ere: "Adin bat dugunok, ezagutu dugu ibai honek botatzen zuen kiratsa. Aldiz, garbiketak egiten edo araztegiak jartzen hasi zirenean, ikusi genuen ibaiak zer gaitasun daukan bere burua leheneratzeko. Gure lana da ibaia ezagutzea eta jarri dizkiogun oztopoak kentzea", defendatu du Aldalurrek.
Bestalde, uholdeak naturalak badira eta klima aldaketaren ondorioz ugarituko badira, gertatzen direnerako, "propio urpean geratuko diren eremuak" prestatu behar direla esan du Larrañagak, "ur bolumen handi horiek bertan metatu daitezen eta ez kalteak sor ditzaketen eremuetan". "Gure eskualdearen kasuan –gaineratu du–, ibaiertzean dauden nekazaritzako lurrak edo zelaiak geratu beharko lirateke urpean. Noski, lur-jabeek ordain bat edo dena delakoa jaso beharko lukete, baina ulertu behar da eremu horiek edo Azpeitia urperatzearen kalteak oso desberdinak direla. Erabaki gogorrak dira, baina lehenago edo geroago hartu behar dira, leku askotan egiten ari diren bezala; adibidez, Senperen (Lapurdi) urtegi berezi bat daukate, soilik uholdeak gertatzen direnean ura biltzen duena".
Aizkorriren magalak emandako urak, Legazpi, Zumarraga, Urretxu eta Azkoitia zeharkatu ostean iristen dira Azpeitira, Urrestilla aldeko Aratzerreka eta Azoka Plaza inguruko Ibaieder ibaiadarretatik edanda. Urola ibaiak Zestoa eta Aizarnazabal bustitzen ditu Zumaian itsasoratu aurretik eta, beraz, ibilguaren zati batean aurkitutako oztopoak eragina du ibai osoan. Hots, Legazpin hondartutako zaborrak askatuko dituen mikroplastikoek ibilgu osoari egingo diote kalte, baita helmugako ur gaziei ere. Are, tximeleta efektuaren apetak askoz anbiziotsuagoak dira, eta, azaldu bezala, Urolaren arroaren inguruko basoek, eraikuntzek, landaketek… eragina dute ibaiaren osasunean. Ibaia ikuspegi integral horrekin ulertzearen garrantziaz ohartarazi dute Urola Bizirikeko kideek nahiz Larrañagak, eta neurri lokalez gain, arro mailako plangintzak behar direla baieztatu dute. Berdina defendatu du Citoresek ere: "Herri mailako neurriak eta arro mailakoak, bi-biak uztartu behar dira".
Argazkiotan, Urola Bizirik natur taldeko kideek Urola ibaian egindako garbiketetan batu duten zaborra; tartean, ehun-gaiak, potoak eta landutako egurra. (Urola Bizirik)
1983. urteko uholdeak, Jose Artetxe kaletik Artzubiara bitartean. (Juan Joxe Agirre)
Urola ibaiak Azpeitiko erdigunea zeharkatzen duen puntua, udalaren aginduz abuztuan garbiketa egin ostean. (Nerea Uranga)