Azpeitian, Zarautzen eta Donostian lapurretak egitea egotzita, hiru gizon atxilotu ditu Ertzaintzak

Julene Frantzesena 2025ko urr. 8a, 09:18

Azpeitia goitik hartuta. (Alex Berasategi)

Herri horietako etxebizitza banatan lapurreta egitea egotzita atxilotu zituen Ertzaintzak talde kriminal bateko hiru kideak. Donostian gauzatu zituen poliziak atxiloketak, eta adierazi duenez, dirua, bitxiak, guanteak, erremintak eta lapurretarako erabiltzen zituzten hainbat objektu atzeman zizkieten haiei.

Ertzaintzak, Kataluniako Mossos d'Esquadra polizia taldearekin elkarlanean, hiru gizon atxilotu zituen hilaren hasieran Donostian, hainbat etxebizitzatan lapurretak egitea egotzita. Hain zuzen ere, Ertzaintzak adierazi duenez, Donostian, Zarautzen eta Azpeitian etxebizitza banatan lapurreta egitea egotzita atxilotu zituzten talde kriminal bateko hiru kideak.

Ertzaintzaren arabera, Kataluniako poliziak jakinarazi zion hiru gizonak Euskal Herrian zirela. Haien gaineko ikerketa eginda, Donostiako Aiete auzoko etxebizitza batetik ateratzen ari zirela atxilotu zituen Ertzaintzak. Poliziak ohar bidez azaldu duenez, dirua, bitxiak, guanteak, erremintak eta lapurretarako erabiltzen zituzten hainbat objektu atzeman zizkieten.

Atxilotutako gizonek 27 eta 40 urte bitartean dituzte, eta epailearen esku daude. Ertzaintzak, berriz, lapurreten gaineko ikerketarekin segitzen du.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide