Igandean aurkeztuko dute Soreasu antzokian Uraren lokarriak, hainbat herritarrek eta taldeek egindako "memoria ariketa kolektiboak" eman duen herri ikuskizuna. Emanaldia 12:00etan hasiko da, eta sarrera doakoa izango da.
Duela 50 urte erregimen frankistak gauzatutako azken fusilamenduak oroituko dituzte emanaldi artistikoaren bitartez: ETAko Juan Paredes Manot Txiki zarauztarrarena, Angel Otaegi azpeitiarrarena eta FRAPeko Jose Humberto Francisco Baenarena, Ramon Garcia Sanzena eta Jose Luis Sanchez Bravo Sollarena.
Sortzaileen hitzetan, Uraren lokarriak "iraganetik gerora edertasunaren joskintzan egindako ibilbidea" da, eta ikuskizunak hitzak, irudiak, testigantzak, musika, dantzak, antzerkia eta kantua uztartuko ditu. Ordubete inguruko emanaldia izango da, eta guztira, 30-40 lagunetik gora igoko dira oholtzara.
Emanaldiaren atarian bideoa kaleratu dute haren sustatzaileek: APOAko kideek Joxe Azurmendiren hitzei jarri diete ahotsa eta irudiak Malen Amenabarrek eta Ander Mujikak egin dituzte.