Datorren urteko ordenantza fiskalak erabaki zituzten atzo udal ordezkariek. Udal gobernuak (EH Bildu) egindako proposamena aho batez onartu dute urriko ohiko udalbatzarrean; horrenbestez, 2026an udal tasek, zergek eta prezio publikoek %2ko igoera izango dute oro har. Izan ere, bi salbuespen egongo dira: zaborraren tasan eta udaleko kirol zerbitzuen tasan. Bi kasu horietan %5 igoko dira tasak.
Ordenantza fiskalak erabakitzeko orduan "zuhurtziaz" jokatu dutela adierazi du Leire Goenaga Ogasun batzordeburuak, eta igoera ezartzeko erreferentzia aurtengo urtearen bilakaera, urtarriletik abuztura arteko KPI –%2-3 artekoa izan da– eta 2026rako aurreikuspenak izan dituzte. Goenagak nabarmendu du udalarentzako "diru sarrera garrantzitsuak" direla tasak, zergak eta prezio publikoak, gastu publikoa finantzatzen dutelako. "Udalaren helburua eta betebeharra da herritarrei kalitatezko zerbitzuak eskaintzea, eta horretarako, beharrezkoak ditu sarrerak eta gastuak proportzio berdinetan izatea". Horrekin bat etorri dira EAJko udal ordezkariak, hala adierazi du Alex Silva zinegotziak: "Udalak finantziazioa edukitzen jarraitu behar du eskaintzen dituen zerbitzuekin eta baliabideekin jarraitzeko. Horrez gain, ordenantza fiskalak egokitzeko egindako bileretan guk egindako ekarpenak txertatu dira azken proposamenean. Gure asmoa oposizio zentzuduna, eraikitzailea eta zintzoa egitea da, eta horregatik 2026ko ordenantza fiskalen proposamenaren aldeko botoa emango dugu".
Bi salbuespen
Zaborraren eta udal kirol zerbitzuen tasak %5 igotzeko arrazoiak ere azaldu ditu Ogasuneko batzordeburuak. Europako Zuzendaritzaren legea betetzeko zabor bilketa zerbitzuan sarrerak eta gastuak berdinak izan behar dira, eta hori bermatzeko aurtengorako zaborraren tasa %28 igotzea erabaki zuten iaz. Datorren urterako zabor bilketan igoerak aurreikusi dituzte udal arduradunek, eta horregatik tasa %5 igotzea erabaki dute. Adibide bat ere eman du Goenagak: "Gaur egun familia baten urteko zaborraren tasa 166,64 eurokoa bada, datorren urtean 8 euro gehiagokoa izango da".
Zaborraren tasaren inguruan, EAJko ordezkariek orain urtebete egindako eskaera gogorarazi dute. "Zabor bilketaren inguruko azterketa egitea eskatu genuen iaz, zabor gehien sortzen zuenak gehiago ordaindu behar zuela ere esaten duelako Europako legeak. Urtebete pasatu da, eta aitzakiak aitzakia, lanketa hori ez da egin", adierazi zuen Silvak, datorren urtean "egoera berean" egotea ez dutela nahi nabarmenduz.
EAJko ordezkariari Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak eta Urola Erdiko mankomunitatearen arduradunak erantzun dio. Haren arabera, adituen aholkuei jarraituz, zabor bilketaren inguruko "azterketa sakonagoa" egitea erabaki dute mankomunitateko zazpi udalek. Horretarako, mankomunitateak aurrekontu handiagoa jarriko du, eta datorren urtean gauzatu nahi du azterketa. Prozesu eta lanketa horren guztiaren berri dagokion toki guztietan "argi eta garbi" azaldu dutela adierazi dio Silvari Amenabarrek.
2026ko ordenantza fiskaletako igoeretan beste salbuespena igerilekuko eta kiroldegiko zerbitzuen tasarena da, hori ere %5 igoko da. "Kasu honetan, norbanako bati hilean 0,92 euroko igoera suposatuko dio, eta familia abonu bat duenari 1,5 euroko igoera hilean", azaldu du Goenagak. Kirol zerbitzua udalarentzako defizitarioa dela azaldu du Ogasun batzordeburuak, eta kalitatezko zerbitzuak eskainita defizita handitzen ez joateko neurriak hartu beharra dagoela nabarmendu du.
Prezio publikoen igoerak herritar denei berdin ez diela eragiten jakitun da udala, Goenagaren arabera. Horregatik, hainbat hobari eta diru laguntza emango ditu erakundeak datorren urtean ere, egoera zaurgarrian daudenei edota diru sarrera baxuenak dituztenei laguntzeko.
Bestelako "berrikuntza txiki batzuk" ere txertatu dituzte ordenantza fiskaletan. Horietako bat da Higiezinen Gaineko Zergari ezarri dioten hobaria. Ondorioz, berrikuntzak edota obrak egin eta efizientzia energetikoaren A edo B mailako etiketak lortu dituzten etxebizitzen eraikinek hobaria izan dezakete HGZn.
Inbertsiotarako kreditu aldaketa
Aurtengo aurrekontuari udalaren gerakinetik 2.345.000 euroko kreditu gehigarria egitea ere erabaki dute azken udalbatzarrean, aho batez. Diru horretatik 1.300.000 euro udalak Azpeitia Berritzeni mailegu emateko izango da, Erdikalean eraikin zaharrak erosi, bota eta babes ofizialeko hamabi etxebizitza egiteko proiekturako. Behin etxeak egindakoan, esleitutakoan eta saldutakoan Azpeitia Berritzenek diru hori udalari itzuliko dio.
Kreditu gehigarri horrekin beste inbertsio batzuk egitea ere erabaki du udalak. Ogasun batzordeburuak azaldu duenez, honakoak dira inbertsioak: Etxe Alai auzoaren urbanizazioko hirugarren fasea egiteko 385.000 euro eta Urrestillan urbanizazioko bigarren fasea egiteko 300.000 euro. Igerileku aurreko estalpea luzatzeko eta bi autobus geltoki nahiz espaloiak berritzeko lizitazioa ere martxan du udalak 132.000 euroko aurrekontuarekin.
Beste gai batzuk ere erabaki dituzte urriko udal bilkuran, aho batez. Iraurgi Lantzen garapen agentzia berrantolatzeko eta Urola Erdiko beste udalerrietara zabaltzeko lan mahaia sortzeko protolokoa onartu dute. Gaur egun Azkoitiko eta Azpeitiko udalak direla garapen agentziaren jabeak, erdibana, eta bailarako beste udalerrietara zabaltzea aztertzeko mahaia da osatuko dutena, alkatearen arabera.
Etxeko laguntza zerbitzua finantzatzeko Gipuzkoako Foru Aldundiaren eta Azpeitiko Udalaren arteko hitzarmena urtebetez luzatzeari ere balekoa eman dio udalbatzak. Era horretan, bi erakundeen arteko akordioa 2026ko irailera artekoa izango da.
Naizen elkarteak aurkeztutako adierazpena ere onartu dute udalbatzarrean EH BIlduko eta EAJko ordezkariek. Eduki transfoboa duen gertaera baten aurrean esku hartzeko eta erakundeen legitimazioa saihesteko mozioa izeneko adierazpenari onespena eman diote. Ondorioz, Azpeitiko Udalak hainbat konpromiso hartu ditu trans adingabeen eta haien familien eskubideak eta errespetua ahalbidetzeko.
Euskal Poliziari buruzko mozio bana
EAJk eta EH Bilduk euskal poliziari buruzko mozio bana ere aurkeztu dute urriko udalbatzarrera. Zehatzago esanda, EAJk Elkarbizitzaren alde eta Ertzaintzaren eta Udaltzaingoaren defentsan izeneko mozioa aurkeztu du, eta EH Bilduk, berriz, Demokraziaren aldeko eta polizia eredua berrikustearen aldeko mozioa izenekoa.
EAJren adierazpena Jabier Altuna Kanpaxak irakurri du batzarrean, eta segidan, EH Bilduren mozioaren berri eman du Nagore Alkorta alkateak. Bi mozioak bozkatu dituzte udal ordezkariek, baina alde bakoitzak bere adierazpenaren alde egin du eta bestearenaren kontra.