Orain arte Tuba Jaialdia izan dena, aurrerantzean Soinu Loturak jaialdia izango da, eta aurtengoa urriak 18rako eta 19rako antolatu dute Azpeitian. Donostiako Kontserbatorioak eta Azpeitiko Metal Boskoteak elkarlanean antolatu dute jaialdia, Gipuzkoako musika eskoletako eta Donostiako Kontserbatorioko ikasleen arteko harremanak sendotzeko.
Jaialdiaren barruan, parte hartzaileek haize egurrezko eta metalezko musika tresnen eskolak jasotzeko eta taldekako saioak eta entsegu orokorrak egiteko aukera izango dute, eta Soreasu antzokian kontzertua emanez bukatuko dute larunbateko jarduna. Igandean, berriz, Bost Brass taldeak kontzertua emango du Sanagustin kulturgunean.
Topaketan parte hartu nahi dutenek oficina@conservatorioescudero.eus helbide elektronikora idatzi beharko dute, eta 15 euro ordaindu honako kontu zenbakian: ES63 1820 3126 1020 1545 199. Topaketan parte hartzeaz gain, bazkaldu ere bertan egin nahi dutenek, 30 euro ordaindu beharko dituzte, kontu zenbaki horretan bertan.
Egitaraua
Hona hemen urriaren 18rako eta 19rako antolatu duten egitaraua
Urriak 18, larunbata
- 09:30. Harrera, Soreasu antzokian.
- 10:00. Donostiako Kontsebatorioaren aurkezpen laburra.
- 10:15. Beroketa saioak: metala alde batetik, eta haizezko bestelakoak bestetik.
- 11:15. Atsedenaldia.
- 11:45. Talde entseguak (instrumentuka banatuta).
- 13:30. Bazkaria.
- 15:30. Entsegu orokorra, Kontserbatorioko ikasleekin batera.
- 19:00. Kontzertu nagusia, Soreasu antzokian.
Urriak 19, igandea
- 12.30. Bost Brass metal boskotearen kontzertua, Sanagustin kulturgunean.
Esker hitzak Xabier Aranbarriri
Soinu Loturak jaialdiaren berri ematearekin batera, Xabier Aranbarrirentzat hitz batzuk ere izan dituzte jaialdiaren antolatzaileetako batzuek. "Azpeitiko Metal Boskotea eta Tuba Jaialdiko komunitatea beti egongo gara eskertuta Xabierrek eman digun guztiagatik. Ondo erein zuen haziak fruitu emankorrak eman baditu, berak hain ondo zaindu zituen kultur ekintza, ekimen eta elkarlan ugarien ondorioz izan da", adierazi dute. Kultur kudeatzaile "eredugarria" izan zela ere erantsi dute, eta gogorarazi haren arrastoa Azpeitiko kultur egituretan betiko geldituko dela. "Jada gure artean ez badago ere, bere presentzia ezingo da ezabatu Azpeitiko kultur ekintza bakoitzean".