Gurpildunen festa borobila

Mailo Oiarzabal 2025ko urr. 9a, 09:20

Iazko YK Riders Festaren irudi bat. (Maialen Etxaniz)

Azpeitiko skate parkean kirola eta festa uztartuko dituzte gaurtik igandera, IV. YK Riders Festarekin. Egun bat erantsi dio aurtengoari Arauntza Ridersek: gaur iluntzeko bizikleta poteoarekin irekiko dute egitaraua.

Bizikleta, patin, patinete edota skate zaleek zer egin eta zer ikusirik ez dute faltako gaur arratsaldetik igande arratsaldera bitartean Azpeitian. Egitarauari egun bat erantsita, IV. YK Riders Fest antolatu du Arauntza Ridersek, Azpeitiko irristaketa eta mendi bizikleta taldeak.

Ostiralean izan beharrean, ostegunean hasiko da aurten YK Riders Fest. Hain zuzen ere, bizikleta poteoarekin irekiko dute egitaraua gaur. Bizikleta poteo gisa izendatu dute, baina "bizikleta, patin, patinete... errobera gainean" azaltzea izango da kontua, Arauntzakoek argitu dutenez. 18:00etan egin dute hitzordua antolatzaileek skate parkean, YK Riders Festaren erdigunean, eta handik abiatuta egingo dute pintxo potea. Aurtengo egitarauaren berrikuntzetako bat izango da hori.

Bihar ere arratsaldean hasiko dira egitarauarekin, baina luzeagoa izango da ekintza soka. Iaz bezala, skate parkera joaten direnek askotariko ikastaroetan parte hartzeko eta trebatzeko aukera izango dute: BMX, break dance, scooter, skate, roller... "Edozein adinetako jendeak" parte har dezake ikastaroetan. Ikastaroen segidan "geldialdia" egingo dute, 19:00 aldera, plazan Palestinaren alde GKSk deitutako mobilizazioa dela eta, eta 20:00etan jarraituko dute horiekin skate parkean. Gurpil gaineko kiroletan aritzeko ez ezik, festarako tartea ere hartuko dute YK Riders Festen; bihar, esaterako, rap eta drum & bass saioak izango dituzte, tartean egingo duten parridallarekin indarrak hartuta.

Enduro martxa jendetsua

Ohi bezala, zapatua izango da YK Riders Festaren egunik beteena. Enduro martxaren bigarren aldiarekin ekingo diote egitarauaren hirugarren jardunaldiari. Iaz egin zuten lehen martxan berrehun bat bizikletazale elkartu baziren, aurtengo enduro martxa are jendetsuagoa izatea espero dute, 240-250 lagunek eman baitute izena Oñatz, Sañoa eta Izarraitz aldeko maldetan gora eta behera ibiltzeko.

Enduro martxakoak iritsi zain, grafiti eta eskumuturreko tailerrak emango dituzte skate parkearen eremuan, eta bazkaria izango dute gero; Haginpe eta Da tabernetan eros daitezke bazkarirako txartelak, 10 euroren truke.

Arratsaldean, amateurrak zein goi mailako kirolariak elkartuko dira skate parkean, pare bat orduz erakustaldiak eskaintzeko. Jaialdiko bigarren parrilladaren txanda iritsiko da ondoren, eta musikazaleena, jarraian: Onlifly eta Trini Fox taldeek kontzertuak emango dituzte, eta Maitx zumaiarraren zuzeneko musika elektroniko saioarekin borobilduko dute musika gaualdia.

Igandean, bi hitzordurekin itxiko dute aurtengo YK Riders Fest. Eguerdian, bigarren eskuko azoka egingo dute; bizikletako zein irristaketarako gailuak eta materiala ez ezik, diskoak eta bestelakoak ere saltzeko zein modu onean erosteko aukera izango da skate parkean. Eta arratsaldean, 16 urte arterakoei zuzendutako bizikleta lasterketak egingo dituzte, Sanjuandegiko festetan egin zituztenen ildotik.

Egitaraua

Gaur, osteguna

  • 18:00. Bizikleta poteoa egingo dute festari ekiteko, skate parketik abiatuta.

Bihar, ostirala

  • 17:30. Ikastaroak, skate parkean (BMX, break dance, scooter, skate eta roller).
  • 20:00. Rap saioa.
  • 20:00. YK parrillada.
  • 22:00. Drum & Bass saioa.

Etzi, larunbata

  • 09:00. Enduro martxa.
  • 10:30. Tailerrak (grafitiak eta pultserak) eta jolasak.
  • 14:30. YK bazkaria.
  • 17:00. Erakustaldiak.
  • 19:30. YK parrillada.
  • 21:00. Kontzertuak: Onlifly eta Trini Fox.
  • Ondoren, Maitx (live).

Urriak 12, igandea

  • 12:00. Bigarren eskuko azoka.
  • 17:00. Umeen eta gaztetxoen bizikleta lasterketak.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide