Urrezko adinik izan gabe ere, emaitzak urrezkoak ditu

Nerea Uranga 2025ko urr. 9a, 10:00

Julen Esteban, Alaitz Amezua, Julen Agirrezabalaga eta Haritz Elortza, igerilekuko harmailetan. (Nerea Uranga)

Izarraitz igeriketa elkartearen 40. urtemuga ospatuko dute datozen bi larunbatetan.  Larunbatean, Izarraitz sariketa egingo dute aurreneko aldiz, eta urriaren 18an, berriz, egun osoko festa eguna izango dute.

Lau hamarkada dira Izarraitz igeriketa elkartea sortu zutela Azpeitian. 2011n mende laurdena bete zuen elkarteak, eta ospatu zituzten 25 urteak orduan. Aurten, berriz, 40. urtemuga ospatuko du igeri elkarteak; datozen bi larunbatetan egingo dituzte ekintzak, urriaren 11n eta 18an. «Elkarteak 50 urte betetakoan urteurren borobila ospatzea pentsatzen genuen, baina zuzendaritzakooi 40. urtemugan ere zerbait egitea otu zitzaigun. Izan ere, hemendik hamar urtera ez dakigu non egongo garen, eta elkartearen sortzaileei aitortza egin nahi diegu», esan dute Julen Esteban, Julen Agirrezabalaga eta Haritz Elortza Izarraitz igeriketa elkartearen zuzendaritza batzordeko kideek.

Urtemugaren ospakizuna, ordea, ez da zuzendaritza batzordekoen kontua bakarrik. Elkarteko igerilari gazteak ere, "Izarraitz badela zerbait" herrian azaltzeko gogoz daude, zuzendaritzakoek aipatu dutenez: «Festa egunerako elkarteko zapiak ateratzea proposatu zuten gazteek, eta hala egingo dugu. Haiek ere pozez daude elkartearen festa plazara eramateko».

Izan ere, Izarraitzen badira, bai. 274 igerilariko taldea da Izarraitz igeriketa elkartea gaur egun. 6 eta 18 urte bitarteko igerilariak dira gehienak, berrehun bat. Hortik aurrerakoak, helduak dira. Elkartekoek azaldu dutenez, unibertsitatera joateko adinera iritsitakoan, igerilari gehienek igeriketa utzi egiten dute. "Taldekide kopurua asko jaisten da garai horretan; gaur egun, 18 urteko bi igerilari bakarrik daude taldean". 

Kirol "gogorra eta exijentea" da igeriketa. Errendimenduko igeriketakoek astean sei aldiz entrenatzen dute. "Ordu asko eskatzen dituen kirola da", diote Izarraitzekoek. Elkartearen oinarria, baina, igerilari gazteak dira, eta haiek aurrera egin dezaten baliabideak eskaintzea da elkartearen zeregina. "Haurrak eta gaztetxoak igerian gogoz ibiltzea da guretzat garrantzitsua, gauza berriak ikas ditzaten eta aurrera egin dezaten, gero, 13-14 urterekin, errendimendurako pausoa emateko gai izan daitezen".

Herrian igeriketa sustatzen segitzeko, Izarraitz elkarteak lau entrenatzaile ditu soldatapean. "Entrenatzaileetako hiruk Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zientzietako gradua ikasita dute, eta entrenatzaileetako bat –Isaac Pousada– Olinpiar Jokoetan entrenatzaile ibiltzen dena da", esan dute. Giza baliabideez gainera, azpiegitura egokiak eskaintzen saiatzen da elkartea igerilari gazteei. Horrek, ordea, ondorio batzuk ere baditu: "Igerilekuan kale kopuru bat izaten dugu entrenatzeko, eta kale bakoitzean gehienez hamar-hamabi haurrekin aritzen gara entrenatzen. Ganoraz entrenatzeko, ezinbestekoa da neurri hori hartzea. Ondorioz, elkartean izena eman nahi duten haur denak ezin izaten ditugu onartu. Aurten, esaterako, hogei haur gelditu dira itxaron zerrendan", argitu dute igeri elkartekoek. 

Errendimendu mailan Izarraitzek duen beste erronka bat mutil kopurua handitzea da. "LH6 mailan mutil askok igeria utzi egiten dute, beste kirol bat egiteko. Mutil gutxi dabiltza igerian, eta erreleboka lehiatzeko gutxienez lau behar dira maila bakoitzean".

Emaitza aipagarriak

Igeri elkartearen ahaleginak badu isla igerilarien emaitzetan. Azken denboraldian, "emaitza aipagarriak" lortu dituzte Izarraitzekoek, eta "oso pozik" daude. "Izugarrizko emaitzak lortu dituzte igerilari gazteek, baina ez dakigu horiei zenbateko balioa ematen zaien herrian. Futbolari batek-edo Espainiako Txapelketa irabazi edo bigarren egingo balu, lorpen horrek herrian beste oihartzun bat izango luke". Izarraitz igeri elkarteak Espainiako zortzi txapelketatan ordezkaritza izatea lortu du azken denboraldian, baita hainbat finaletara sailkatzea ere. Elkartearen zuzendaritza batzordekoek diotenez, igeri munduan ibiltzen den jendeak badaki Izarraitzekoen emaitzak "izugarriak" direla. "Jende horrek aitortzen dizkigu elkartekooi egindako lorpenak, baita Espainia mailan ere".

Euskal Herriko Goreneko Ligan dago Izarraitz elkartea. Gipuzkoako hiru talde lehiatzen dira maila horretan: Izarraitzez gainera, Bidasoa eta Tolosaldea. "Azpeitiko elkartearen aldean, biztanle kopuru handiagoa hartzen duten bi elkarte dira horiek", diote. Aurten, gorengo mailari eustea lortu dute seigarren postuan eginda, eta hasi berri duten denboraldiko erronketako bat horixe izango da: Arabako, Bizkaiko, Gipuzkoako eta Nafarroako gorengo mailan segitzea.

Emaitzak emaitza, igerian egin nahi duten haurrei eta gazteei ahalik eta baliabide onenak eskaintzen jarraitzea da elkartearen asmoa. "Igerilari bakoitzak bere neurrian ahal duen onena eman dezan lan egin nahi du elkarteak; batzuk Gipuzkoako Txapelketan lehiatzera iritsiko dira, eta beste batzuk, berriz, Espainiako Txapelketan dominak lortzera. Horretarako, elkarteak bere esku dagoen dena egin behar du".

Urriaren 18ko festa egunaz gain, elkartearen erronkei helduz, igerilari txikienentzako lehen Izarraitz sariketa prestatu dute zapaturako.

Egitaraua:

Urriak 11, larunbata

- 16:00. Izarraitz saria, igerilekuan. 2017, 2016, 2015 eta 2014 urteetan jaiotako Izarraitz igeri elkarteko, Azkoitiko Zubiaurre igeri elkarteko eta Zumaiako Taosa igeri elkarteko igerilariak. Denera, 205 igerilarik parte hartuko dute: 100 Azpeitikoak dira, 80 Azkoitikoak eta 25 Zumaiakoak.

Urriak 18, larunbata

- 10:00. Txapelezketa igeriketa saioa, igerilekuan.

- 12:30. Trikitilariekin kalejira, igerilekutik irten eta plazara.

- 14:30. Bazkaria, Azoka Plazan.

- 16:00. Iagomagoren magia ikuskizuna haurrentzat.

- 19:00. Elektrotxaranga.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide