Ander Aizpuru: "Euskal arrazako idi parearekin plazan dabilen bakarra naiz"

Anitz Urkizu 2025eko azaroaren 26a

Ander Aizpuru 'Olalde'-ren erretratua. (Olatz Alkorta)

Hamabost urte dira Ander Aizpuru Olalde urrestildarrak lehen idi parea eskuratu zuela. Harrezkero, idiak probetarako prestatzen aritzen da, haien elikadura, sasoia eta osasuna zainduz. Jardun makala ez da, baina gogoa dagoen tokian aldapa leunagoa izaten da. Harena da Erretratua urriko Azpeitia Guka aldizkarian.

Idi proben munduan ezaguna da Ander Aizpuru (Urrestilla, 1985), baina gehienek ezizenaz ezagutzen dute: Olalde. Baserriaren izena hartu zuen, eta hala ezagutzen du jendeak. Idiekiko zaletasuna lehengusu batengandik datorkio; izan ere, hark hasitako bideari heldu zion, apurka idi proben munduan murgilduz. Geroztik, plazaz plaza dabil, eta buruhausteak tarteko, pasioz bizi du idien mundua.

Lehengusuari laguntzera joanez ikusi eta ikasi zuen idien bueltako jarduna nolakoa zen. "Haren ondoan hasi nintzen pixkanaka ikasten, eta gero aitaginarrebarekin egin nuen saltorik handiena. Biziatu egin nintzen", gogoratu du irribarrez. Lehenengo idi parea aitaginarrebarekin partekatuta eskuratu zuen, 2010ean, eta bien artean hiru pare ere izan zituzten garai batean. Gerora, bakoitza bere bidea egiten hasi zen: aitaginarreba eta biak nor bere erara hasi ziren idiekin.

Lehen apustua 2017an egin zuen, Aiako Erreistaren kontra. Emaitza ez zen ona izan, baina ondo gogoan du hitzordua: "Kristoren egurra eman zigun Erreistak. Galdu egin genuen, baina oroitzapen oso polita daukat. Izan ere, aitaginarrebak eta biok izan genuen lehen idi parearekin egin nuen apustua, eta idi haiek onak atera ziren". Idi proben historian erreferentziazko izena da Erreista, eta Olaldek betidanik zuen indarrak haren kontra neurtzeko gogoa. Hala, 2024an, berriro atera zen plazara Erreistaren aurka aritzera: "Inork ez zuen pentsatzen irabaziko nionik, baina bai, irabazi egin nion. Momentu berezia izan zen". Dena den, hark esan duenez, geroztik ez ditu idiak orduko egoera berean izan, gaixotasunak eta abar tarteko.

Lenen idi parea ekarri zuenetik ez du jardunean etenik egin Olaldek. Gaur egun, lau idi ditu. Ukuiluan, bi pare: Paulino eta Taison, euskal arrazakoak, Araiakoak (Araba); eta Moro eta Motxo, Zamoratik (Espainia) ekarriak, gazteak oraindik ere. Euskal arrazako parearekin joaten da sarri probalekuetara Urrestillakoa: "Euskal arrazako idi parearekin plazan dabilen itzain bakarra naiz, eta horiek dira plazan dabiltzan idirik txikienak. Gustura eduki ditut, baina abelburu handiekin alderatuta, nekatu egiten dira". Zamorakoak, berriz, handiagoak eta biziagoak direla esan du, eta etorkizun polita ikusten diela.

Olaldek argi du idiak kirolari baten pare zaindu behar direla: elikadura, pisua, entrenamenduak... dena zaindu behar da. Probak baino bost egun lehenago "dietan" jartzen ditu: justu-justuko ura eta jatekoa ematen dizkie, gorputzez arin joan daitezen idiak plazara. Animaliak gehiegi estutzea arriskutsua da, ordea: "Bost egunetan 60 kilo gal ditzakete, eta gehiegi sufritzen baldin badute, ez dute txisparik izaten proban. Ondo joan behar dute plazara, gogoz eta deshidratatu gabe".

Ander Aizpuru, Paulino eta Taison idiekin, ukuiluan. (Anitz Urkizu)

Entrenamenduak ere erritual bilakatzen ditu urrestildarrak: astean bitan lagun batek ibiltzen dizkio idiak, eta berak igande goizetan jarduten du haiekin. Gutxienez hiru saio egiten dituzte astean, beraz. Ordubeteko ariketak egiten dituzte idiek, arinak, gehienetan karga txikiarekin, baina noizean behin, pisu pixka bat gehiagorekin probatzen dute, idiak nola moldatzen diren ikusteko.

Azalpenetan sakontzen duen heinean, argi dago Olaldek bere idiak ondo ezagutzen dituela, bai baitaki bakoitzaren izaera eta gaitasunak zer-nolakoak diren. Hitz egiten die idiei, igurtziak egin ere bai; konfiantzazko harremana dutela nabari da. "Idiek esandako guztia ulertzen dute", haren hitzetan. Idien artean bikoteak osatzerakoan, taldelana da giltza, Olalderen ustez. "Batek aurrelari aritu behar du plazan, eta besteak atzelari: bata erritmoa jartzen ariko da, eta bestea errespetuz jarraitzen. Biek elkarri laguntzen ez badiote, ez dago emaitza onik. Bi idik, onenak izanda ere, elkarri lagundu beharrean elkarren kontra jarduten baldin badute, ez dago zer eginik".

Plazen arrastoa

Plazetan bizi izandako esperientziek ere uzten dute arrastoa. Iazko Euskadiko Txapelketan bigarren egin zuen Olaldek, Belamendiren atzetik. Orain arteko emaitzarik onena, berriz, Abadiñoko San Blas sarian (Bizkaia) lortu zuen: 23 idi parek jokatutako proban, bigarren postua lortu zuten Urrestillako probazalearen idiek. Plaza guztiak ez dira berdinak, baina, Olalderen idientzat. Hala azaldu du hark: Bizkaikoak luzeagoak dira, eta idi txikiekin zailagoa egiten zaio horietan moldatzea. Nahiago ditu plaza motzagoak.

Ez da sekula izan lan erraza idi-jabeena. Afizioz egindako lana izan arren, gastu handia sortzen du, eta Olaldek esan du probetan irabazitako dirua ez dela sekula helburua. "Plaza ez da etekinak ateratzeko. Afizioz egiten dugu lana. Probak irabaziz gero diru pixka bat eskuratzen da, baina hori ez da helburua". 

Itzainak esan duenez, jende berri gutxi batzen da plazetara, nahiz eta etxe askotan dituzten idiak. Horregatik, "betikoak" dira gehienetan probetan aritzen direnak. Ikusleei dagokienez, Bizkaian zale gutxixeago izaten direla esan du, proba "ikaragarri" egiten dituzten arren. Gipuzkoan, aldiz, "idi proba on batek" oraindik ere jende asko mugitzen duela azaldu du.

Moro eta Motxo idiak. (Anitz Urkizu)

Hitz egiten duen moduari erreparatuta, sumatzen da pasioz bizi duela zaletasuna, baina urduritasunak ere badu bere tokia. Izan ere, proben aurretik izaten du kezkarik. "Plazara joan aurretik, dieta garaian direnean, idien osasunean jartzen dut arreta, eta jateko gogorik gabe ikusten baldin baditut, sufritzen ibiltzen naiz. Plazara urduri joaten naiz".

Atzera eginda, oroitzapenak ekarri ditu gogora, eta badu pasadizo berezirik. Lehen idi pare gaztea erosi zutenean, Oladeren aitak 75 urte inguru zituen, eta antza hark ez zion esperantza handiegirik transmititu semeari. "Idi hauek proban ikusterako hilko nauk ni", esan zion hark, idiak gazteak zirela eta. Ordutik lau idi pare baino gehiago pasatu dira Olalderen ukuilutik, eta aitak bizirik segitzen du. Pasadizo hori gogoratzeak irribarrea eragin dio, baina bizitzaren eta denboraren neurria ere ekarri dizkio gogora.

Olalderen ustez, gaur egun Euskal Herriko idi parerik onenetarikoa Belamendiren eskuetan dago. Erreistari irabazi zion apustu hartako idi pare bera da orain Belamendiren eskuetan dagoena, eta Erreista garaitzea bai, baina harrezkero ez du lortu idi horien kontra irabazterik urrestildarrak. "Inoiz ez diot irabazi Belamendiri, onenean ditu idiak", aitortu du errespetuz. Zamoratik ekarritako idi gazteak dira, ordea, orain, Olalderen ilusio berria. Ustez, eskuratu duena oso ganadu fina, zintzoa eta leiala dela esan du. 

Boladetan "nazkatzen" den arren, emaitza on bat lortzeak berriro pizten dio idiekin segitzeko grinaren sua Olalderi. "Momentuz jarraitu egingo dut; izan ere, orain gustura nabil. Beste urte batzuetan jarraituko dudala uste dut". Haren hitzak entzunda argi dago: idi probak ez dira soilik kirola edo ikuskizuna. Bizimodu bat da, eta Olaldek bere bizitzaren zati handi bat eskaintzen dio itzain lanari. Idi bakoitzaren izaera, gaitasunak eta mugak ezagutzen ditu, eta azken batean, idiekin duen harremana pertsonen arteko harremanen antzekoa da: konfiantza, laguntasuna eta taldelana ezinbestekoak dira.

Olalderentzat idiak ez dira animalia soilak. Entzun, hitz egin eta konfiantza eskaintzen die haiei. Urrestiladarraren bizitza idi pare baten erritmoan neurtzen da, eta horrek egiten du, hain zuzen, bere erretratua berezi.

Olalde, alabarekin eta bi idi pareekin, ukuilu atarian. (Anitz Urkizu)

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide