David Rodriguez entrenatzailea omenduko du ISBk Garagardo Azokaren irekieran

Julene Frantzesena 2025ko urr. 9a, 08:00

Azoka Plaza jendez lepo, iazko Garagardo Azokan.

Donostiarrak hogei urte daramatza ISBn entrenatzaile lanetan, eta klubak urteotan egin duen lana eskertzeko aprobetxatuko du abagunea. Urriaren 24an eta 25ean nahiz urriaren 31n eta azaroaren 1ean egongo da Garagardo Azoka zabalik. Azoka Plazan musika emanaldiak ere izango dira egun horietan.

Iraurgi Saskibaloi Taldeak David Rodriguez entrenatzailea omenduz zabalduko du XV. Garagardo Azoka. Donostiarrak hogei urte daramatza ISBn entrenatzaile lanetan, eta klubak urteotan egin duen lana eskertzeko aprobetxatuko du abagunea.

Urriaren 24an zabalduko dute Garagardo Azoka. 18:00etan irekiko dute Azoka Plazaren kanpoko barra, eta pintxo-potea egingo dute. Azoka barruko garagardo iturriak, baina, 20:00etan irekiko dituzte, eta ordu horretan bertan hasiko dira afariak eskaintzen. Gainera, 80ko hamarkadako musikaz gozatu ahal izango dute hara joaten direnek.

Urriaren 25ean nahiz urriaren 31n eta azaroaren 1ean ere irekita izango da Garagado Azoka. Hilaren 25ean eta azaroaren 1ean, larunbatak direnez, eguerditik izango dira azokaren ateak zabalik, eta afariak ez ezik, bazkariak ere emango dituzte. Urriaren 31n arratsaldean irekiko dute, eta afaritarako aukera izango dute herritarrek. Otorduetarako erreserbak egiteko aukera izango da Azoka Plazan urriaren 22an, 23an, 29an eta 30ean, 16:00etatik 19:00etara bitartean.

Gainera, azoka irekita izango den egunetan musika emanaldiak izango dira. Hain zuzen, urriaren 25ean Kanpax DJak jarriko du musika, urriaren 31n Izer eta Alabier ariko dira giroa alaitzen, eta DJ Maikiñoren txanda izango da azaroaren 1ean. 

Hona hemen aurtengo Garagardo Azokako egitaraua:

Urriak 24, ostirala

  • 18:00. Kanpoko barraren irekiera eta pintxo poteoa.
  • 20:00. Iturrien irekiera.
  • 20:00. Afariak.
  • 23:00. 80ko hamarkadako musika.
  • 02:00. Itxiera.

Urriak 25, zapatua

  • 13:00. Kanpoko barraren irekiera.
  • 14:00. Bazkariak.
  • 14:00-20:00. Garagardoak 2x1.
  • 20:00. Afariak.
  • 23:00. DJ Kanpax.
  • 02:00. Itxiera.

Urriak 31, ostirala

  • 18:00. Kanpoko barraren irekiera eta pintxo poteoa.
  • 20:00. Afariak.
  • 22:30. Izer eta Alabier.
  • 02:00. Itxiera ordua.

Azaroak 1, larunbata

  • 13:00. Kanpoko barraren irekiera.
  • 14:00-17:00. Bazkariak.
  • 14:00-20:00. Garagardoak 2x1.
  • 20:00. Afariak.
  • 23:00. DJ Maikiño.
  • 02:00. Itxiera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide