Eskola Agenda 2030 egitasmoaren ikasturte berria martxan da. Herriko ikastetxeetako eko-ordezkariak –LHko eta DBHko ikasleak, guztiak–, Ekoetxekoak eta udalekoak udaletxeko bosgarren solairuan elkartu dira gaur, 2025-2026 ikasturtearen irekiera foroan. Bertan, aurreko urteetan Eskola Agenda 2030 proiektuak eman duenari errepasoa egin diote eta ikasturte berria aurkeztu dute..
2003-2004 ikasturtean hasi ziren Azpeitiko ikastetxeetan Eskola Agenda 2030 egitasmoa lantzen eta udalari ingurumenarekin lotutako proposamenak egiten. Gaurko foroan, udalak eskaera horiei emandako erantzunak aurkeztu ditu Joanes Amenabar Ingurumen batzordeburuak. Horrela, erakundeak azken urteetan gauzatutako ekintza ugari zerrendatu ditu: eguzki plakak jarri dituela herriko hainbat eraikinetan, energia berriztagarrien erabilera indartzeko; ikastetxeekin ere akordioa egin duela, haien eraikinetan plakak jar ditzaten; hainbat sentsibilizazio tailer antolatu dituela, energia modu eraginkorrean erabiltzen ikasteko; LED teknologiadun argiak jarri dituela herriko hainbat gunetan; Zuhaitz Egunean, espezie autoktonoen landaketa handi bat egin zela Goenan; jolas parkeak berritu dituela eta ariketarako gune bat ere egokitu duela Loiolan…
Sentsibilizazio kanpaina
Aurreko ikasturtean hasitako lan ildoari jarraipena emango diote ikasturte honetan ikastetxeetan. Horrela, elikadura eta osasuna landuko dituzte ikasleek Eskola Agenda 2030en barruan.
Gai berberak kontuan hartuta, eta hainbat puntu aztertuta (etiketak, hamaiketakoak, janari soberakinen kudeaketa...) herri mailako diagnostikoa egin zuten ikasleek aurreko ikasturtean. Honako honetan, berriz, diagnostiko horrek emandako emaitzetan oinarrituta, tokiko eta lehen sektoreko elikagaien salmenta bultzatzeko promozio kanpaina egingo dute, gaur udaletxean aurreratu dutenez.
Hain zuzen ere. bertako produktuekin prestatutako hamaiketako bat eginez bukatu dute gaur goizeko saioa.