Egoskor heldu zioten, ahal zuten bitartean, bi hanken gainean ibiltzeko aukerari. Halabeharrak, ordea, gain hartu zien bien gogoei. Gurpil aulkian ibiltzeko pausoa eman zutenetik, ikuspegia erabat aldatu zaie Aitor Mujikari (Elgoibar, 1963) eta Iñigo Ibargureni (Azpeitia, 1979); gaur egun, gurpil aulki elektriko banatan ibiltzen dira. Ez da izan beren hautua.
Biek ala biek giharrei eragiten dieten gaixotasunak dituzte: Ibargurenek gerriondoko giharretako distrofia gaixotasun genetikoa du, eta Mujikak, esklerosi anizkoitza. Giharretako indarra jaten duten gaitzak dira bienak, eta hanketan antzematen hasi ziren lehen sintomak.
Txiki-txikitan, 10-11 urterekin, futbolean ibiltzen zen Ibarguren, baina lasterka egiteko zailtasunekin hasi zen. Segidan, 15-16 urterekin, eskailerak igotzea nekeza egiten zitzaion, eta besoak ere ahultzen ari zitzaizkiola konturatu zen. "Eskailerak ere ezin nituen igo, gero ibiltzeko arazoak antzematen hasi nintzen, eta azkenerako, jo arte. Geneetan ematen den mutazio batek giharrei eragiten die, pixkanaka, giharretan dugun indarra galaraziz", dio Ibargurenek.
Mujikak mendian ibiltzea eta korrika egitea oso gustuko zituen, asko joaten zen mendira. Orain dela 30 urte, "ezkondu berritan", gaixotasunaren lehen atximurkak sentitzen hasi zen, baina. "Egun batean, Elgoibarren korrika egiten ari nintzela, 5-10 minutura ezin segituta gelditu nintzen, hankak blokeatuta sentitzen nituen, ezkerra batez ere". Handik aurrera, etxetik gertu ibiltzen zen korrika, itzuli behar bazuen ere urrutiegi ez egoteko. Medikuek ezer argirik esaten ez, eta "medikura partikular joatea" erabaki zuen. Jose Felix Marti Masso neurologoarengana jo zuen, eta hark berehala argitu zion esklerosi anizkoitza zuela. "Korrikarako bezalaxe joan nintzen jantzita Marti Massorengana, han bertan proba egiteko. Hamar minutu korrika egin eta ezin izan nuen jarraitu, medikuak orduantxe eman zidan diagnostikoa", kontatu du Mujikak. Gaitzaren eraginez, giharretan indarra galtzeaz gainera, "halako gogortasun bat" sentitzen duela dio elgoibartarrak: "Nerbio sistemak giharrak erlaxatzen ere ez du laguntzen, dena transtornatu egiten da. Buruak behar bezala ez du ematen mezua, eta poliki-poliki beheraka egiten joan naiz". Orain dela sei-zazpi urte hasi zen gurpil aulkian ibiltzen, baina makuluak ere eramaten ditu berekin, "oraindik ere gai naizelako makuluekin distantzia txikiak egiteko".
"Bigarren planoan"
"Asko kostatuta" egin zuten gurpil aulkian ibiltzeko hautua, hainbat erorketa izan ondoren, gogoz kontra eman zuten ameto. Oso bestelakoa da bi hanken ala gurpil aulkiaren gainetik bizimoduaren ikuspegia, bat datoz horretan biak. Gurpil aulkian "pixka bat bigarren planoan bezala" gelditzen da norbera, dio Mujikak: "Ez bakarrik pertsonen artean sortzen den distantziagatik, baita altueragatik ere. Gu jarrita gaude eta besteak tente daude, beste altuera batean. Ez dakit sentipen hori den neu bajatzen ari naizelako edo. Izan ere, nik dudan gaixotasunak buruan ere eragiten du. Ez dakit bajatzen edota bakartzen ari naizen, baina uste dut hori aulkiarekin ere bat etor daitekeela". Gurpil aulkitik jendeari gora begira hitz egin beharra nabarmendu du Ibargurenek ere: "Tontokeria bat ematen du, baina ez da erosoa".
Sozializatzeko oztopoa ere bada gurpil aulkia, bien ustez. Jende asko dabilen tokietan, "pasoa eskatzen" ibili beharra nekagarria egiten zaio Ibargureni. "Tokiren batera joan aurretik kontuak atera behar izaten ditut, batik bat etxetik urruti samar badago: toki horretan ondo moldatuko naizen, jende asko ibiliko den... Etxetik kanpo ordu asko pasatu behar baditut nekatu ere egiten naiz". Mujikak gogoko du kalean ibiltzea, baina jende artean ibiltzerakoan, pasatzeko lekua eskatutakoan, bakarren batzuek txantxak egiten dizkiotela adierazi du; "nahiz eta batzuetan ez den izaten brometarako aldarterik".
Gainontzean, herriko kaleetan gurpil aulkiarekin ibiltzeko arazo handirik ez dute ikusten. Hala ere, gurpil aulkiekin sartzeko koskak dituzten taberna bat edo beste badagoela aipatu dute. "Lokal pribatuak dira, ordea, eta ni horretan ez naiz sartzen", azaldu du Mujikak. Tabernetako kontuak garai baten aldean "asko hobetu" dira, Ibargurenen arabera: "Nik taberna barruetan jende gutxi egotea nahiago izaten dut, erosoago mugitzen naizelako. Taberna batzuk berritu dituzte eta hobeto daude, eta kasu batzuetan komunak ere erosoago jarri dituzte. Denetik dago".
Herri "erosoa"
Lokal pribatuetan bezala, eremu publikoan ere hobekuntzak egin dira, Mujikaren eta Ibargurenen arabera. Biek uste dute "oro har, Azpeitia herri erosoa" dela gurpil aulkian ibili behar dutenentzako: laua da, espaloitik espaloira artean ia koskarik ez dago, paseoak egiteko bide egokiak ditu Loiolara, Lasaora edota Landetara, igogailuak jarri dituzte...
Aitzakia handirik ez diote ikusten herriguneari, baina zer hobetu badagoelakoan daude. "Gurpil aulkian ez dagoen pertsona batek imajinatu ditzake hainbat kontu, baina praktikan desberdina da", azaldu du Ibargurenek. Berak bizitako adibide bat kontatu du: "Iloba txikiak pilotan jokatzen du, eta behin hura jokatzen ikustera joan nintzen Izarraitz pilotalekura. Ate nagusia itxita zegoen, eta goiko aldapatik joanda dagoen atetik sartu behar izan genuen. Ni aulkiarekin moldatu nintzen aldapa igotzeko, baina aitona-amonak ere ikusi nituen aldapan gora oinez. Horrelakoetan, igogailua ere ez da gelditzen frontoiko solairuan. Profesionalen pilota partidetarako irekiko dute frontoiko ate nagusia, eta ez legoke gaizki besteetan ere zabaltzea".
Eremu publikoan dauden oztopoak aipatzen hasita, Ogasuneko bulegoko sarrera ekarri du gogora Mujikak. Hona hemen hark emandako azalpena: "Anbulatorioko sarrera primeran dago, ez daukazu ezer ukitu beharrik hara sartu ahal izateko, sentsoreak daudelako. Ogasunaren bulegoan, aldiz, ate aurrean aldapatxo bat dago eta atea norberak bultzatu behar du sartzeko. Kasu horretan, gurpil aulkiak atzera egingo duen beldurra ematen du. Sarreran sentsoreak baleude, seguruagoa izango litzateke".
Garraio publikoa da Azpeitiak duen beste oztopo nabarmen bat gurpil aulkian dabiltzanentzat. Autobusa da Azpeititik beste edonora joateko dagoen garraio publiko bakarra, eta plataforma bidez igo behar izaten dute autobusera gurpil aulkian. Ibargurenek ez du inoiz jo autobusean ibiltzera: "Konplikazioak saihesten saiatzen naiz, eta norabaitera joan behar dudanean aitak edota anaiek laguntzen didate autoz". Mujikak, berriz, autobusarekin esperientzia txarra du. Behin, semearekin Donostiara joatekoa zela eta, aurrez autobus konpainiara deitu zuen gurpil aulkian zihoala azaltzeko. Eguna iritsita, joan zen autobusa hartzera, eta saiatu arren autobus gidariak ez zuen plataforma jaistea lortu. Bigarren autobus bat ere joan zen, baina kasu horretan plataforma airean gelditu zen eta atea ixterik ez zuten lortu. Hori dena ikusita, Mujikak etxean gelditzea erabaki zuen. Trenean, ordea, esperientzia ona izan du: "Egun batean Zumaiara autoz joan eta han trena hartu genuen Usurbilera joateko. Gurpil aulkian primeran moldatu nintzen trenean sartzeko eta sartu-irtenetan".
Gaixotasunagatik lehenaz gainera dituzten oztopoei aurre egiteko etxekoengandik eta ingurukoengandik laguntza handia jasotzen dute biek, eta oso eskertuta daude. Elkarte banatako kide ere badira: Ibarguren Gipuzkoako Eritasun Neuromuskularren Elkarteko (GENE) kidea da, eta Mujika, Ademgi Gipuzkoako esklerosi anizkoitzaren elkartekoa. Azpeitiarrak "azkenaldian nahiko utzita" du elkartera joatea, eta ariketak bere kabuz etxean egiten ditu. Elgoibartarra, aldiz, astero joaten da elkartearen Donostiako egoitzara errehabilitazio saiora; anbulantzian joaten da.
Derrigorrean hasi ziren gurpil aulki elektrikoan ibiltzen, baina egunerokoan "autonomia" ematen dien erreminta ere bada. Biek aulki elektriko modelo berdina dute. "20 bat kilometro egiteko autonomia du aulkiak, eta Loiolara joan-etorria erraz egin dezaket, soberan", esan du Ibargurenek. Mujikak ere "oraindik nahiko autonomo" ikusten du bere burua, "gai naiz pentsatzeko, batetik bestera mugitzeko, etxeko hainbat gauza egiteko... Niretzako oso inportantea da zerbait egiteko beste inoren beharrik ez izatea. Eskerrak, ordea, emazteak, semeek eta ingurukoek asko laguntzen didatela".
Elkarrizketa bukatzeko, nahiko lukeena zer den azaldu du Mujikak: "Denok nahiko genukeena da zeozer topatzea gure egoera hobetzeko. Ikerketa asko egiten da, baina ez dut aurrerapausorik ikusten. Propaganda egiten dute ez dakit zer gen aurkitu dutela eta, baina...".
Aitor Mujika. (Nerea Uranga)
Iñigo Ibarguren. (Nerea Uranga)