Etiketa nutrizionalak irakurtzen ikasi dute hainbat herritarrek

Ihintza Elustondo 2025eko urriaren 10a

Hainbat herritar, Aitziber Aizpururen aholkuak entzuten, atzo, Azoka Plazan. (Nerea Uranga)

Aitziber Aizpuru nutrizionistak Etiketa nutrizionalen irakurketa izeneko ikastaroa eman du Azoka Plazan. Ikastaroan osagaien zerrendak eta horien balio nutrizionalak ulertzen lagundu du hark. 

Etiketa nutrizionalen irakurketa izeneko ikastaroa eman zuen atzo, osteguna, Aitziber Aizpuru Eliku zentroko nutrizionistak Azoka Plazan. Azpeitiko Udalaren laguntzarekin, Elikaguneak eta Eliku zentroak antolatu zuten tailerra, elikagaien etiketak interpretatzen jakitea erabaki onak hartzeko "funtsezkoa" dela iritzita. Ikastaroan osagaien zerrendak eta horien balio nutrizionalak ulertzen lagundu zuen Aizpuruk. 

Gainera, eguneroko bizitzan elikadura ohitura osasungarriagoak izateko aholkuak ere eman zituen dietistak. "Kontua ez da etiketak irakurtzea soilik, zure ikuspuntua bizitza orekatuago eta kontzienteago batera aldatzea baizik", adierazi du hark. Atzoko tailerrari esker, herritarrek elikadura aukerak hobetzeko aukera izango dutela ziurtatu du. 

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide