Azpeitiko Udala herriko bigarren Berdintasun Plana eratzen hasi da, eta plan hori gauzatzeko hiru parte hartze saio antolatu ditu erakundeak. Lehen plana gauzatu zenetik hamabost urte igaro dira, eta urteotan egindakoaz hausnartuta, etorkizunera begira jarri da erakundea. Izan ere, datozen sei urteetarako berdintasun politikak eta "Azpeitia berdinzaleagoa lortzeko" urtez urteko ekintza plana osatzen hastear da erakundea.
Udalak zehaztu duenez, eragileekin, norbanakoekin nahiz udal teknikariekin zein arduradunekin elkarlanean diseinatu nahi ditu etorkizuneko berdintasun politikak, eta hiru saio ireki prestatu ditu. Datorren astean izango da horietan aurrena; ostegunean, urriaren 16an, egingo dute, 17:30etik 19:30era, Emakumeen Txokoan, ahalduntze feminista gai hartuta.
Bigarren hitzordua urriaren 20rako, astelehenerako, jarri dute; Emakumeen Txokoan izango da, 17:30etik 19:30era, eta indarkeria matxistarik gabeko bizitzak izango dituzte hizpide. Plana eratzeko parte hartze saioetan azkena, hirugarrena, gizarte antolaketari buruzkoa izango da, azaroaren 7an gauzatuko dute, 11:30ean hasita, Emakumeen Txokoan.
Udalak 2010ean egin zuen berdintasun politikak definitzeko eta gidatzeko emakumeen eta gizonen arteko lehen Berdintasun Plana. Hamabost urtera, joan zen udaberrian, lan hura aztertu eta ebaluatu zuen erakundeak, eta orain, udazkenean, gaur egungo egoerara egokitzeko ekintza plana osatzen hasiko da.
Erakundeak zehaztu duenez, hainbat izan dira azken urteetan udaleko Parekidetasun sailak bultzatu dituzten egitasmoak: indarkeria matxistaren aurkako sentsibilizazioa, prebentzioa eta protokoloak; hezkidetza programak; Emakumeen Txokoko zerbitzuak; berdintasun gaiei buruzko formakuntza saioak eta ikastaroak; Azpeitiko emakumeen oroimen historikoa jasotzeko Matazak egitasmoa; eta herriko norbanakoekin eta eragileekin elkarlanean egindako hainbat egitasmo.