Domund egunari lotuta, Txarli Azkona misiolariak Ekuardoko Amazoniaz hitzaldia eskainiko du

Nerea Uranga 2025ko urr. 12a, 08:30

Txarli Azkona 2019ko irailean Azpeitiko parokian.

Herrien arteko itxaropen misiolariak lelo hartuta ospatuko du Donostiako Elizbarrutiak aurtengo Domund eguna urriaren 19an. Egun horrekin bat eginez, astearterako Txarli Azkona misiolari nafarraren hitzaldia antolatu dute Azpeitiko parrokian. Ekuadorko Amazoniako herrien eta lurraldeen defentsan izandako esperientziaz ariko da Azkona solasaldi horretan.

Urriaren 19an Domund eguna ospatuko du Elizak, misioen eguna, alegia. Herrien arteko itxaropen misiolariak lelo hartuta ospatuko duten egun horren atariko, Txarli Azkona misiolari nafarrarekin hitzaldiak antolatu dituzte zenbait parrokiatan, tartean, Azpeitikoan. Asteartean, urriak 14, izango da Azpeitikoa, 17:00etan, Soreasuko Sebastian Donearen parrokian.

Azkona ezaguna da batik bat Ekuadorko Amazoniako herriekiko duen konpromisoagatik, Donostiako Elizbarrutiak azaldu duenez. Batez ere Wuaorami eta Kichwa herrietan bizi eta lan egin du frantziskotarrak. Elizbarrutiak adierazi du nafarra Amazoniako lurraldearen "defentsan" aritu dela, petrolio eta meatzaritza ustiapenen petrolio metxeroek eragindako kutsaduraren aurka borrokatuz. Elizbarrutiaren arabera, Azkonak, wuaoraniekin batera, giza eskubideen eta ingurumen eskubideen alde egindako lana funtsezkoa izan da, auzi judizialak ere irabazi ditu gobernuak haien lurrak errespetatzera behartuz.

Aurretik Azpeitian ere izandakoa da Azkona. Hain zuzen ere, 2019ko irailean, Bizitza Amazoniaren Alde filma aurkeztu zuen misiolari nafarrak, Azpeitiko parrokian. Ikus-entzunezko horrek Alejandro Labaka gotzain zenaren eta Ines Arango moja zenaren bizitza eta heriotza azaltzen ditu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide