Palestina askearen aldeko aldarria eraman du Azpeitiko Feministen Sareak plazara

Nerea Uranga 2025ko urr. 11a, 13:29

Mugimendu Feministak deituta Azpeitiko plazan gaur elkarretaratzea.

Feministok Palestinarekin. Israelgo estatu genozida suntsitu lelo hartuta elkarretaratu da dozenaka lagun gaur eguerdian Azpeitiko plazan.

Feministok Palestinarekin. Israelgo estatu genozida suntsitu leloarekin, Euskal Herriko Mugimendu Feministak mobilizatzeko egindako deiarekin bat egin du Azpeitiko Feministen Sareak, eta gaur eguerdian elkarretaratzea egin dute plazan. Dozenaka herritarrek egin dute bat protestarekin.

Israelgo estatuaren genozidioa salatzeaz gainera, hara armak bidaltzeari uzteko eskatuz gobernuei presio egiteko eta Israelen okupazio erregimena betikotzen duten enpresa eta erakunde guztiei boikota egiteko eskatu dute Feministen Sarekoek. "Azken bi urteotan ere, aho bilorik gabe adierazi dugu: genozidio baten aurrean gaude, garbiketa etnikoa ari dira egiten Palestinan eta ez gara isilik geratuko".

Palestina aske izateko neurriak exijitzen dituztela adierazi dute Sare Feministakoek plazan. "Jarrai dezagun Palestinaz hitz egiten. Jarrai dezagun genozidioa salatzen. Jarrai dezagun ardura hartzen. Jarrai dezagun Israeli boikot egiten. Segi dezagun gobernuak interpelatzen eta gobernuei presio egiten", esan dute ozen.

"Sarri esan ohi dugu emakume gorputzak izan ohi direla lehen lurralde okupatuak gerra egoeretan, eta oraingoan ere, hala izaten ari da", adierazi dute gaur feministek, emakume palestinarrak jasaten ari diren "bortizkeria eta indarkeria lazgarria" salatuz. Haurrak ere ez dituzte aipatu gabe utzi; gutxienez 20.000 haur erail dituzte azken hilabeteetan.

"Israelgo estatu sionista sortu eta Palestina okupatua izaten hasi zenetik, Nakbatik, urte asko eta luzeak pasatu dira, eta ordutik Palestinako herriaren kontrako oldarraldiak etenik ez du izan, eta azken bi urteotako Israelgo estatuaren politika genozidak agerian utzi du Israelgo buruek Palestina erabat suntsitzea, birrintzea nahi dutela", salatu dute gaur plazan Feministen Sarekoek. Etsipenerako tarterik hartu gabe, ordea, palestinarrek erresistentziari eusten diotela eta haiei babesa eman behar zaiela aldarrikatu dute feministek. "Herri zapalduen arteko elkartasuna dugu ardatz", esan dute.

Palestina askea nahi dute Feministen Sarekoek, eta haien arabera, Palestinaren alde eta Israelen aurka lerratzea, askatasunaren alde lerratzea da. "Genozidio hau, kolonialismoaren eta harreman kolonialen isla argia da. Ikusi besterik ez dago mendebaldeko herrialdeek Israel babesteko duten interesa; armak bidali, entrenamendu militarrak egin, segurtasun-sistemak eta mugen kontrola areagotzeko proiektuak finantzatu, Nazio Batuen Erakundeko bozketetan babesa, kirol proba internazionaletan Israel babestu eta lekua eman… Eta nola ez, feminismoa eta LGTBIQ+ komunitatearen eskubideak, Israelen aldeko gezurrak zabaltzeko erabili", adierazi dute hori onartzeko prest ez daudela.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide