Ez da izan astebururik onena Lagun Onaken bi talde nagusientzat. Gizonezkoek Portugalete hartu zuten atzo arratsaldean Garmendipen, eta 2-3 galdu zuten Jose Luis Riberarenek Espainiako Hirugarren Mailako ligako jardunaldia. Emakumeek, berriz, Bergaran jokatu zuten atzo arratsaldean Ohorezko Erregional Mailako ligako partida, eta 1-1 eginda, puntu bat etxeratzea lortu zuten.
Xabier Aranbarri gogoan, minutuko isilunearekin eta txalo zaparradarekin ekin zioten partidari gizonek etxean, Aranbarri, klubeko jokalaria izandakoa ez ezik, Lagun Onaken zalea ere bazelako. Portugaletetik etorritako zein Azpeitiko dozenaka zaleren begiradapean, txukun hasi zuten partida etxekoek, eta 16. minutuan, Jon Sorazuk egindako golari esker, markagailuan aurretik jartzea lortu zuten. Handik ordu laurden batera, baina, Lagun Onaken kontrako penaltia adierazi zuen epaileak, eta Portugaletekoek ez zuten hutsik egin. Horrenbestez, banakoarekin iritsi ziren atsedenaldira.
Bigarren zatian, indartsu irten ziren etxekoak, eta 51. minutuan bigarrena sartzea lortu zuen Sorazuk; sei partidatan bost gol egin ditu zestoarrak. Baina pozak gutxi iraun zien Lagun Onakekoei; izan ere, 55. minutuan berdinketaren gola jaso zuten, eta 62.ean 2 eta 3koa. Horrela iritsi ziren partidaren amaierara.
Emakumeak ere indartsu zelairatu ziren Bergaran, eta 25. minutuan markagailuan aurretik jartzea lortu zuten Malen Zabalak falta batean sartutako golari esker. Lehen zatiaren bukaeran aurkariak gehiago izan ziren, baina atsedenaldira gol baten abantailarekin iritsi ziren Lagun Onakekoak. Bigarren zatian ere gogora zelairatu ziren Aitor Zubizarretaren eta Iñigo Segurolaren jokalariak, baina 60. minututik aurrera fisikoki behera egin zuten, eta 68. minutuan berdinketaren gola jaso zuten. Horrenbestez, puntu bakarra etxeratu zuten.