Anai-arreben gatazketako jokabideez hitzaldia izango da ostegunean

Nerea Uranga 2025eko urriaren 20a

Haurrak eta gurasoak kalean. (Onintza Lete Arrieta)

Haurren gurasoei zuzendutako hitzaldia izango da, eta Mireia Centeno trebatzaileak eskainiko du. Etxeko txikien arteko gatazken aurrean nola jokatu landuko dute. 18:00etan izango da saioa, Basazabal jauregian.

Haurrak direnean, anai-arreben arteko gatazkak ia egunerokoak izaten dira, eta askotan, gurasoek ez dute jakiten gatazka horien aurrean nola jokatu. Gai horretaz hitz egiteko, Gipuzkoako Foru Aldundiaren Treba Gurasoak programaren barruan, Anai-arreben arteko gatazkak nola kudeatu? hitzaldia antolatu dute ostegunerako. Mireia Centeno trebatzaileak eskainiko du saioa, 18:00etan hasita, Basazabal jauregian. Doakoa izango da, eta aurretik ez dago izena eman beharrik.

Saio horretan, honako gai hauek landuko dituzte, besteak beste: zergatik sortzen dira gatazkak?; nola lagundu gure seme-alabei beren arteko gatazkak daudenean?; saihestu daitezkeen gatazkak; guraso bezala lagungarriak izan daitezkeen baliabideak; seme-alaba bakoitzaren tokia nola zaindu.

Saioari buruzko informazio gehiago nahi duenak gazteria@azpeitia.eus helbide elektronikora idatzi dezake edota 943-15 71 61 telefono zenbakira deitu.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide