Palestinaren aldeko goizeko lanuzteek erantzun jendetsua izan dute

Nerea Uranga 2025ko urr. 15a, 14:34

Palestinaren alde, genozidioaren kontra eta Israeli boikota egiteko eskatzeko sindikatuek nahiz herri eragileek deitutako goizeko lanuzteetan eta mobilizazioetan herritar ugarik parte hartu du Azpeitian. Herrigunean hiru elkarretaratze egin dituzte eta hainbat lantoki ataritan protestak.

Ehunka azpeitiar mobilizatu da gaur goizean eta eguerdian Palestinaren alde, genozidioaren kontra eta Israeli boikota egitea eskatzeko. LAB, CCOO, UGT, ESK, Steilas, CGT, Etxalde eta Hiru sindikatuen hiru orduko lanuztearekin edota ELAren lau ordukoarekin bat egin dute lantegi ugaritan.

Horietako batzuen atarietan egin dituzte eguneko lehen elkarretaratzeak hainbat langilek –Glualekoek, Sammic-ekoek, San Martin egoitzakoek, Corrugados Lasaokoek nahiz Bielekoek, adibidez–. Udal langileak, berriz, plazan elkartu dira 11:00etan. Udal Gobernuak bat egin du lanuztearekin, eta udal zerbitzuak itxita izan dira 11:00etatik 15:00etara.

Elkarretaratze jendetsuena, baina, Elkar-ekinek Sanjuandegiko biribilgunean deitutakoa izan da; biribilgunea eta haren bueltako lau aldeetako espaloiak bete dituzte herritarrek 11:30etik aurrera, eta 12:00etan errepidea ere itxi egin dute, ordu laurden inguruko tartean, protesta txalo artean bukatu aurretik. ELAk deituta, berriz, plazan ere elkartu dira hainbat langile, 12:00etan. 

Ikasle Abertzaleek, bestalde, Palestinako erresistentziari babesa emateko argazkia atera dute 10:00ak inguruan anbulatorioaren aurrean, eta gero, Donostiara joan dira manifestaziora.

Arratsalderako mobilizazio deiak

Gaur, 19:30erako, Gernika-Palestina herri ekimenak jarri ditu hitzorduak herrietako plazetan, udaletxeen atarietan. Burrunbarako deia egin du eragile horrek, eta beraz, herritarrei zarata ateratzeko tresnak eramateko deia egin die.

Palestinarekin Elkartasunak Donostian deitu du mobilizazioa, eta protesta horretara batzeko deia egin dute hura osatzen duten plataformek; tartean, Kontseilu Sozialistak. 18:00etan egingo dute protesta, Pio XII plazan, Israelen konplizeak seinalatu. Palestinaren alde, dena gelditu dezagun lelopean.

Udal Kiroldegian langileek arratsaldez ere egingo dute lanuztea, eta beraz, 19:00etatik 22:00etara itxita egongo da eraikina.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide