Igandean, urriak 19, Bularreko Minbiziaren Aurkako Nazioarteko Eguna da. Hori dela eta, datorren asteartean, azoka garaian, plazan izango dira Katxalin bularreko eta ginekologia arloko minbiziak eragindako Gipuzkoako emakumeen elkarteko kideak. Urtero bezala, udaletxeko arkupeetan jarriko dute mahaia, 09:30etik 13:00etara, eta minbiziaren aurka jarduteko diru bilketa egingo dute han. Gabonetako loteria ere salgai izango dute.
Katxalin elkartearen helburuetako bat da gizartea sentsibilizatzea bularreko minbiziaren kontrako borrokak duen garrantziaz; horregatik, mahaira bertaratzen diren herritarrei informazioa ematen ariko dira. Astearteko diru bilketan zein elkartearen gainontzeko jardueretan parte hartuko duten boluntarioak behar dituztela jakinarazi du elkarteak, minbizia izan ala ez.