Lehenengoz, bertako tradizioan oinarritutako ospakizunek ardaztuko dute Gau Beltza

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 17a, 08:00

Azpeitiko Gau Beltzaren aurkezpena, Basazabalen. (Nerea Uranga)

Gau Beltza edo Arimen Gaua antzinako tradizioen arabera ospatu dadin, lanean jardun du Azpeitiko guraso talde batek. Herriko eragileekin indarrak batu dituzte gurasoek, eta horri esker, egitarau oparoa prestatu dute urriaren 31rako nahiz aurreko eta ondorengo egunetarako.

Gau Beltzak Euskal Herrian antzinatik izan duen garrantzia berreskuratzeko asmoz, dozena bat gurasok osatutako talde bat lanean aritu da azken hilabeteetan, eta lehenengoz, urriaren 31koa euskal tradizioan oinarritutako ospakizun eguna izango da Azpeitian.

Ekimenaren bultzatzaileek Basazabal jauregian egindako aurkezpenean azaldu dutenez, Euskal Herrian tradizio handia duen jaia da Gau Beltza edo Arimen Gaua. "Gure arbasoentzat mugarri zen urriaren 31, neguaren etorrera sinbolizatzen baitzuen, eta baserritarrek uzta ematen zuen lurrari atseden hartzen uzten baitzioten hainbat errituren bidez. Ondoren, udaberrian, berriro esnatzen zuten amalurra, aski ezagunak ditugun Santa Ageda jaietako makilkadekin edo inauterien etorrerarekin", azaldu dute.

Horrez gain, gaineratu dutenez, Gau Beltza hildako senideak eta hurbilekoak oroitzeko gaua zen Euskal Herrian: "Heriotzaren eta bizitzaren arteko muga pixka bat lausotzeko saiakeran, asko dira gurean herriz herri jaso diren kontakizunak: kalabazak edo arbiak hustu, aurpegi itxura eman, kandela txiki bat sartu eta bide bazterretan argiztatuta jartzen zirenekoak; bizilagunak beldurtu eta hildakoen arimei bidea erakusteko jarriak".


Azpeitiko Gau Beltzaren aurkezpena, Basazabalen. (Nerea Uranga)

Egitasmoaren sustatzaileek esan dutenez, Euskal Herrian antzinako erritual ugari mantentzen diren arren, asko galdu egin dira azken urteetan. Horiek berreskuratzeko nahiak nahiz "euskal tradizioan, historian eta hizkuntzan" oinarritutako Arimen Gaua ospatzeko gogoak elkartu ditu guraso horiek, eta herriko hainbat eragilerekin elkarlanean, egitarau oparoa osatu dute urriaren 31ren bueltako egunetarako.

Hiru egunetan ekintzak

Bezperan hasiko dira motorrak berotzen, hilaren 30ean. Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan Gau Beltzerako mozorroak egiteko eta kalabazak husteko tailerrak eskainiko dizkete umeei 17:15etik 19:15era. 0-7 urte bitarteko haurrek helduek lagunduta joan beharko dute, eta 8-12 urte bitartekoak, berriz, bakarrik joan ahalko dute. Oihal edo izara zuriak eramateko deia zabaldu dute antolatzaileek, baina materialerik ez duten haurrentzat bertan eskainiko dituzte baliabideak, eta horiek karetak egiteko aukera ere izango dute. Tailerrean parte hartu ahal izateko, esteka honetan eman behar da aurrez izena.

Urriaren 31n, 19:00etan hasiko dituzte Gau Beltzeko ospakizunak herriko plazan. Egun horretan mozorratzeko deia zabaldu dute antolatzaileek, eta horretarako ideia batzuk plazaratu dituzte: lepora lotutako oihal zuria, alkondara koadroduna, baserritar jantziaren azpiko edo gaineko gona, maonezko galtzak, lastozko txapela, abarkak eta artilezko galtzerdiak... Denak balio du mozorratzeko.

Horrenbestez, mozorroak soinean eta kalabazak eskuetan hartuta, kalejiran abiatuko dira herritarrak plazatik, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariekin batera. Bidean, gainera, gaztaina jana eta ipuin kontaketa egingo dituzte. Atzera ere plazara iristean, dantza herrikoia egingo dute Itsasi dantza taldekoekin batera, eta beldurrak sutara botatzeko erritua ere bai. Ekitaldia bukatzeko, lurrari atseden emateko ipuin antzeztua egingo dute.

Behin Gau Beltza igarotzen denerako, azaroaren 4rako, heriotzaren inguruko ipuin kontaketa ludikoa antolatu dute. Manex Beristain arduratuko da Tximeletaren bidaia ipuina kontatzeaz. Hitzordu hori 6 eta 12 urte bitarteko haurrei eta haien familiei zuzenduta egongo da, eta Basazabal jauregian egingo due, 18:00etatik aurrera.

Egitaraua:  

Urriak 30, osteguna

  • 17:15-19:15. Gau Beltzerako mozorroa egiteko eta kalabazak husteko tailerra, Sanjuandegiko Txiki Txoko ludotekan.

Urriak 31, ostirala, Gau Beltza

  • 19:00. Mozorrotuta eta kalabazak eskuan kalejira, plazatik hasita, Juan Antxieta musika eskolako trikitilariekin. Bidean gaztaina jana eta ipuin kontaketa egingo dituzte. Plaza itzultzean, Itsasiko kideekin dantza herrikoia egingo dute eta beldurrak sutara botako dituzte. Segidan, lurrari atseden emateko ipuin antzeztua egingo dute.

Azaroak 4, asteartea

  • 18:00. Tximeletaren bidaia ipuin kontaketa, Manex Beristainekin, Basazabal jauregian.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide