Esklabak Zentro Sozialistaren zazpigarren urteurreneko festaren barruan egingo duten paella lehiaketako izen emateak arrakasta izan duela jakinarazi dute antolatzaileek: izan ere, 22 taldek parte hartuko dute txapelketan.
Urola Erdiko Kontseilu Sozialistako kideek egun osoko festa prestatu dute etzirako. Esklabetako ezker hegalean eta haren atarian hainbat ekitaldi egingo dituzte; besteak beste, hitzaldia, bigarren eskuko azoka, paella txapelketa, bazkaria –txartelak Haginpe tabernan daude salgai, zortzi euroren trukean–, boxeo ikuskizuna, parrillada eta DJ emanaldia.
Festa egunaz haratago, Esklabak Zentro Sozialistan egunero gauzatzen duten jardunari begiratzeko eta komunitatea handitzeko baliatu nahi du urteurrena Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak.
Hona hemen zazpigarren urtemugarako prestatu duten egitaraua:
- 10:00. Zentro sozialistak eta okupazioa hitzaldia.
- 12:00. Bigarren eskuko azoka, bermuta eta musika Albiren eskutik.
- 13:00. Paella txapelketa.
- 14:30. Bazkaria.
- Ondoren, bingoa.
- 17:30. Boxeo ikuskizuna. Hiru euro ordaindu beharko da.
- Ondoren, parrillada eta DJ Supernerasen emanaldia.