53 urteko emakume baten hilketa ikertzen ari da Ertzaintza Zarautzen, eta 47 urteko gizon bat atxilotu du, ustez hiltzailea delakoan. Gukak atzo eman zuen albiste horren berri, eta Zarauzko Udalak urgentziazko Bozeramaileen Batzordea egin zuten atzo arratsaldean bertan. Bilkuran adierazpen instituzionala aho batez onartu zuten, "emakumeen aurkako indarkeria matxistaren adierazpen guztiak" salatzeko. Izan ere, Xabier Txurruka alkateak jakinarazi zuenez, hilketa matxista izan da Zarauzko Itsasmendi auzoko etxebizitza batean herenegun jazotakoa.
Gertaeraren harira, protestak deitu dituzte eragile feministek Azpeitian. Batetik, Azpeitiko Feministen Sareak 18:30ean plazan elkartzeko deia egin du, Eraso sexistarik ez! Autodefentsa feminista! lelopean. Bestalde, ordu erdi geroago, leku berean, Itaiak deitutako mobilizazioa izango da. Indarkeria matxistari aurre egin! lelopean elkartuko dira azken horiek.
Udalaren gaitzespena
Azpeitiko Udalak Zarauzko hilketa gaitzetsi du, ohar bidez. Hildakoaren senitartekoei zein gertukoei bere elkartasuna adierazteaz gain, hilketa salatzeko Azpeitiko Sare Feministak deitu duen elkarretaratzearekin bat egin du erakundeak. Udalaren arabera, urtea hasi denetik Euskal Herrian izan den bosgarren erailketa matxista izan da, eta 130 dira Euskal Herrian 2003tik erregistratutako hilketa matxistak.
"Azpeitiko Udalak ozen adierazi nahi du, beste behin ere, ez duela onartuko giza eskubideen urraketarik; ez Azpeitian, ez beste inon. Eta urraketen aurrean, modu aktiboan jokatzea herritarron ardura ere badela gogorarazi nahi du", adierazi du udalak.
Emakumeen aurkako indarkeria "egiturazko arazo bat" da erakundearen esanetan, "emakumeak kontrolpean eta mendean" izan nahi dituena. "Beraz, indarkeria hori ez da ekintza bakartuen edota azalpenik gabeko gertakarien emaitza. Aitzitik, generoen gaineko aurreiritziak, gizartean aski errotuta dauden horiek dira, hain zuzen, halako ondorio larrien eta tamalgarrien sortzaile. Hilketa matxista emakumeen aurkako indarkeriaren muturreko espresioa da, eta erasoei aurre egiteko ezinbestekoa da gizonen eta emakumeen arteko berdintasun balioak sustatzea", erantsi du udalak.
Horregatik, Azpeitiko Udalak azaldu du, gainerako erakunde publikoekin batera, lanean jarraituko duela "berdintasunaren oinarriak auzitan jartzen dituen arazo sozial larri honi irtenbidea bilatu" arte. "Eraso oro gaitzestea, indarkeriari aurre egiten dioten emakumeei babesa ematea, prebentzio eta sentsibilizazio lanean jarraitzea eta baliabideak bideratzea" dira bide horretan jorratuko dituen ildoak.
Erasoen aurrean, nora jo
Erasoren baten aurrean, herritarrek honako telefonoetara dei dezaketela gogorarazi du udalak:
- Gizarte Zerbitzuak: 943157192
- Udaltzaingoa: 092 edo 943 15 13 13
- Emakumeen Txokoa: 688751000
- Ertzaintza: 112