Abian jarri du Gukak aurtengo Irudhitzen lehiaketa. IX. edizioa den lehiaketaren gaia Kalean zehar da, eta orain arteko edizioetan izan bezala, lehiaketak bi atal izango ditu: irudiena eta hitzena. Lehen fasea, irudiena, abian da dagoeneko, eta igandera arte bidali daitezke argazkiak.
Lehiaketan parte hartu nahi duten herritarrek gai horrekin era batera edo bestera lotura duten irudi bertikalak komunikazioa@ukt.eus helbidera bidali beharko dituzte igandea baino lehen. Irudi irabazlearen egileak 200 euroko saria jasoko du.
Lehiaketaren oinarriak
- Gaia: Kalean zehar.
- Zuri-beltzean nahiz koloretan ateratako argazkiak bidal daitezke.
- Irudiek Azpeitian ateratakoak izan behar dute.
- Ezinbestekoa da argazkiak bertikalean izatea eta JPG formatuan aurkeztea.
- Parte hartzaile bakoitzak hiru argazki aurkez ditzake gehienez.
- Irudiak argazki kamerarekin edo mugikorrarekin ateratakoak izan daitezke, baina ahalik eta kalitate handiena izan behar dute.
- Argazkiak komunikazioa@ukt.eus helbidera bidali beharko dira, 'Irudhitzen lehiaketa' gaia jarrita, urriaren 19ra bitartean.
Hitzen fasea
Behin irudien fasea amaituta, hitzen fasea hasiko da. Herritarrek irudien epaimahaiak aukeratutako hamabi argazkiei hitzak jartzeko tartea izango dute, urriaren 27tik azaroaren 9ra.
Argazkia oinarri hartuta, parte-hartzaile bakoitzak erabakiko du zertaz idatzi: argazkiaz, irudiak sentiarazten dionaz, horren inguruan pentsatzen duenaz... Gehienez, 100 hitzeko testuak izan behar dute, eta parte-hartzaile bakoitzak gehienez bost testu aurkeztu ahal izango ditu lehiaketara. Testu irabazlearen egileak ere, 200 euroko saria eskuratuko du.