Badator aurtengo Zezen Beltz Asteburua, hamaseigarrena, hain justu. Bigantxak eta zezen bolaztatuak –16 urtetik gorakoentzat–; Grand Prix ikuskizuna; helduen entzierroa; txahal, solomo eta oilasko dastatzea... Bihar goizean hasi eta igande iluntzera arte egitarau bete-betea prestatu dute Zezen Beltz elkarteko kideek; beraz, Azpeitiko eta inguruetako zezenzaleek izango dute zertaz gozatua.
Aurtengo berrikuntza izango da lehen herriko plazan egiten zituzten jarduera batzuk aurten Done Jakue kalean egingo dituztela, igande eguerdiko txahal, solomo eta oilasko dastatzea, besteak beste. Eneko Martija Zezen Beltz elkarteko kideak azaldu ditu aldaketa horren nondik norakoak: "Lehen, umeentzako zezen txikiak jartzen genituen plazan, baina Eusko Jaurlaritzaren debekuaren ondorioz, azken bi edo hiru urteotan ez dugu izan ekitaldi hori antolatzerik. Hori dela eta, alternatiba gisa, aurten Done Jakue kalean 16 urtetik gorakoentzat zezen bolaztatuak jartzea erabaki dugu".
Horretarako, saninazioetan jartzen duten "zezen plaza eramangarria" jarriko dute han, "hondarrik gabe, baina itxiturarekin". Larunbat eta igande goizean izango da hori, bietan ere 12:30ean hasita. "Eta hain zuzen, parrillada ere horrexegatik aldatu dugu lekuz, zezen bolaztatuak direla-eta jendea dagoeneko Done Jakue kalean ibiliko delako", adierazi du Martijak.
Grand Prixerako sarrerak
Zezen Beltz Asteburuko ekitaldiek jende ugari erakarri ohi dute, gustatu ala ez, zezenzaleak asko baitira Azpeitian eta inguruetan. Ekitaldirik jendetsuenetakoa, ordea, larunbat arratsaldeko Grand Prix ikuskizuna izaten da, eta aurten ere zezen plaza betetzeko aurreikuspena dute antolatzaileek. Azpeitiko zezen plazan izaten den ekitaldian, lau talde jarduten dira elkarren aurka lehian, era askotako jolasak eginez; horietako batzuk zezenekin izaten dira, baina ez denak.
Martijak azaldu duenez, aurten ere formatu bera izango du lehiaketak. "Zazpina lagunez osatutako lau talde aterako dira plazara; hiru talde azpeitiarrez osatuak izango dira, eta laugarrena, nola ez, azkoitiarren taldea izango da". Emakumeen parte hartzea urtetik urtera hazten ari dela nabarmendu du. "Oker ez banago, bi talde mistoak dira, beste bat mutilena, eta bestea neskena".
Asteburuko gainontzeko ekitaldietarako ez bezala, Grand Prix ikuskizuna ikustera joan nahi duten herritarrek sarrera behar dute zezen plazara sartzeko. Sarrera bakoitzak bost euro balioko du, eta Azpeitiko hainbat tabernatan eros daitezke; hain zuzen ere, Berdien, Jim Clarken, Mendizabalen, Pastorkuan eta Eguzkitzan. Bestela, egunean bertan zezen plazako leihatilan erosteko aukera ere egongo dela esan dute antolatzaileek.
Egitaraua
Urriak 18, zapatua
- 12:30. Bigantxak, Done Jakue kalean, 16 urtetik gorakoentzat.
- 17:00. Grand Prixa, zezen plazan.
- Ondoren, zezen bolaztatuak, 16 urtetik gorakoentzat.
Urriak 19, igandea
- 12:00. Txahal saiheskia, solomo eta oilasko erretzea eta dastatzea, Done Jakue kalean.
- 12:30. Bigantxak, Done Jakue kalean, 16 urtetik gorakoentzat.
- 17:15. Helduen entzierroa, Artzubitik plazara eta buelta.
- Ondoren, zezen bolaztatuak, Artzubian, 16 urtetik gorakoentzat.