Gernika batailoiaz solasaldia antolatu du Munoaundik ostegunerako

Julene Frantzesena 2025ko urr. 18a, 08:00

Gernika Batailoiko gudariak, Agirre lehendakariarekin eta De la Torre sailburuarekin. (Euskadiko Artxibo Historikoa)

Franck Dolosor kazetariak eta Aitor Miñambres ikerlariak eskainiko dute hitzaldia. Halaber, Dolosorrek Gernika batailoia, askatasunaren ametsa liburua aurkeztuko du. 19:00etarako jarri dute hitzordua, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan.

Gernika batailoia gai hartuta, hitzaldia antolatu du Munoaundi elkarteak datorren ostegunerako. Hain zuzen ere, Gernika batailoia, askatasunaren ametsa liburuaren egile Franck Dolosor kazetariak eta Aitor Miñambres ikerlariak eskainiko dute solasaldia, 19:00etan hasita, Azoka Plazako lehen solairuko aretoan.

Gernika batailoiaz hitz egingo dute biek ala biek, eta Dolosorrek ondu duen liburua aurkeztuko du –lana erosteko aukera ere izango da–. Halaber, Munoaundikoek azaldu dutenez, batailoiaren bueltako argazkiak eta ikus-entzunezko bat ikusteko aukera ere izango da hitzorduan.

Bigarren Mundu Gerran Frantziako hego-ekialdean jardun zuen Eusko Gudarostearen batailoia izan zen Gernika izenekoa. 1944an Atzerriko Euskal Jaurlaritzaren aginduz eratu zuten batailoia, eta Kepa Ordoki izan zen haren burua. 1945eko apirilaren 14tik 20ra Pointe de Grave lurmuturreko (Gironda, Frantzia) gudan aritu ziren batailoiko kideak Alemaniako okupatzaileen aurka borrokan. Batailoi horren historia jaso du Dolosorrek Pamiela argitaletxearekin kaleratu duen liburuan.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide