Zarauzko hilketa salatu eta indarkeria matxistari aurre egiteko deia zabaldu dute plazan

Maialen Etxaniz 2025ko urr. 17a, 20:00

Arratsaldean bi elkarretaratze egin dituzte Zarautzen izandako hilketa matxista gaitzesteko. Feministen Sareak deituta egin dute aurreneko protesta Eraso sexistarik ez, autodefentsa feminista lelopean. Itaiak deituta egin dute bigarrena, Indarkeria matxista orori aurre egin aldarriarekin. 

Azpeitiko Feministen Sareak eta Itaiak deituta, elkarretaratze bana egin dute herenegun Zarautzen izandako hilketa matxista salatzeko. 53 urteko emakume bat hiltzea leporatuta, 47 urteko gizon bat atxilotu du Ertzaintzak, eta herritarrak kalera atera dira gertatutakoa salatzera.

Feministen Sarearen deialdia izan da aurrena, 18:30ean, eta Eraso sexistarik ez, autodefentsa feminista lelopean egin dute protesta. Hitzordua amaitzean eskerrak eman dizkiete bertaratu diren herritarrei. Euskal Herriko Mugimendu Feministaren eta Emakumeen Mundu Martxako irakurketarekin bat egin dute sareko kideek. Oharrean gogoratu dute urteko seigarren hilketa matxista dela Zarauzkoa, eta babesa eskaini diete eraildako emakumearen gertukoei. "Ez diogu kalera ateratzeari utziko, egin dezakegun gutxiengoa da. Baina, nazkatuta, nekatuta eta haserre gaude. Indarkeria matxista etengabe hamaika formatan ikusten dugu, eta, zoritxarrez, erailketak salatzen jarraitu behar dugu", adierazi du Mugimendu Feministak.

"Gu prest gaude halako gertakari bakoitzaren aurrean erakundeei dagokien ardura har dezaten exijitzeko eta indarkeria matxistaren konplize den orori ardurak exijitzeko, gizonei bereziki. Izan ere, hilketa matxistak eta eraso matxistak, ez dira gertakari isolatuak, ez dira ezbehar puntualak. Sistema oso batek ahalbidetzen duen indarkeria da. Sistema kapitalista zisheteropatriarkal kolonialista eta arrazistak ahalbidetutakoa, hain zuzen", adierazi dute irakurketan.

Sistema horrek, "bere biziraupenerako", menpeko harremanak behar dituela adierazi du Mugimendu Feministak: "Horren adibide dugu, gizonak eta emakumeak kategoria gisa sortu beharra menpeko harreman horiek betikotzeko. Menpeko harreman horrek indarkeria sortzen du eta indarkeria hori hamaika formetan eta bestelako zapalkuntza ardatz batzuekin gurutzaketan eman daiteke". Horregatik diote erailketa eta eraso matxistak ez direla "gertakari isolatuak", "sistemak nahieran sortuak dituen egituren ondorio" baizik. 

Azpeitiko Udalak bat egin du Feministen Sareak deitutako protestarekin, eta bertan izan dira EH Bilduko zein EAJko udal ordezkariak. 

Itaiak, "urgentziaz posizionatzeko" deia

Itaiak, bere aldetik, 19:00etan hasi du protesta. Elkarretaratzean zehar hainbat aldarri zabaldu ditu, baita eskuorriak ere. Horietan indarkeria matxista orori aurre egiteko deia egin du Itaiak. Era berean, babesa eta elkartasuna adierazi dizkie Zarautzen hildako emakumearen familiakoei zein ingurukoei, eta gogorarazi du urtea hasi zenetik sei hilketa matxista jazo direla Euskal Herrian. "Astakeria hori ezin da normalizatu; hau da, ezin dira normalizatu emakumeen aurkako erasoak, jazarpena, eta horien muturreko adierazpen diren hilketa matxistak", azaldu dute.

Matxismoa "gogortzen" ari dela ohartarazi dute halaber kontzentrazioa bukatzean egin duten adierazpenaren irakurraldian, eta egoerak "urgentziaz posizionatzea" eskatzen duela esan dute. "Emakumeok jasaten dugun zapalkuntzaren eta erasoen aurrean, bi aukera besterik ez ditugu: matxismoaren konplize izaten segitu edo matxismoaren aurka borrokatu", gaineratu dute.

Itaiak berretsi du eraso guztiak salatzen, erasotzaileen inpunitatearen aurka borrokatzen eta gizartean indarkeria matxistaren aurkako kontzientzia zabaltzen segituko duela. Gainera, esan du indarkeria matxistaren kontrako borroka indartzeko unea dela eta herritar denei dagokiela horretan jarrera aktiboa edukitzea.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide