Hasi da Donostiako Kontserbatorioak eta Azpeitiko Metal Boskoteak elkarlanean antolatu duten Soinu Loturak jaialdia. Goizean goiz elkartu dira musikari hainbat Soreasu antzokian, eta partaideak haize egurrezko eta metalezko musika tresnen eskolak jasotzen eta taldekako saioak nahiz entseguak egiten ari dira.
Antolatzaileek jakinarazi dutenez, 30 musikari eta zazpi irakasle elkartu dira goizeko jardueretan, baina arratsaldean Donostiako Kontserbatorioko beste 50 bat ikasle batuko zaizkie horiei. Hain zuzen ere, parte hartaile denek batera entsegu orokorra egingo dute, 19:00etan Soreasu antzokian eskainiko duten kontzerturako prestatzeko.
Gipuzkoako musika eskoletako eta Donostiako Kontserbatorioko ikasleen arteko harremanak sendotzeko asmoz antolatu dute jaialdia. Gaur ikasleen txanda izango da, eta bihar, berriz, Bost Brass metal boskoteak kontzertua eskainiko du, 12:30ean, Sanagustin kulturgunean.
(Argazkiak: Utzitakoak)