Esklabak Zentro Sozialistaren zazpigarren urtemuga ospatzen ari dira gaur haren atarian Urola Erdiko Kontseilu Sozialistak antolatuta. Antolatzaileen arabera, festa egunaz haratago, urteurren eguna Esklabak Zentro Sozialistan egunero gauzatzen duten jardunari begiratzeko eta komunitatea handitzeko baliatu nahi dute. Izan ere, kontseiluko kideen hitzetan, "Esklabek sektore kolpatuen babesleku eta topaleku izan nahi dute", baita Euskal Herriko Mugimendu Sozialistaren aterpe ere. Ideia horretatik abiatuta egin dute jaia gaurkoan, "eguneroko lanaren garrantzia ahaztu gabe".
Goizean hasi dute urteurren festa ospatzeko egitaraua, hitzaldi batekin. Hain zuzen, Esklaben hastapenak, Zentro Sozialisten funtzioak eta erronkak izan dituzte hizpide 10:00etan hasita. Ondoren, atariko atontze lanak eginda, 12:00etatik aurrera bigarren eskuko azoka egin dute zentroaren atarian. Antolatzaileek jakinarazi bezala, borondatearen truke hartu ahal izan dira askotariko produktuak azokatik. Besteak beste, arropa, zapatak, etxerako tresnak, bitxiak, liburuak, puzzleak edota eskolako materiala jarri dituzte nahi zuenarentzat eskuragarri, eta jende ugari bertaratu da. Bitarte horretan, aurten aurrenekoz egin duten marianitada izan da, Albi DJak musikaz girotuta.
Ondoren hasi da aurrenekoz antolatu duten paella txapelketa. Guztira, 22 taldek parte hartu dute, eta askotariko platerak prestatu dituzte. Kontseiluak jarri ditu salda, arroza eta oinarrizko osagaiak, baina askok eraman dituzte bestelakoak etxetik. Epaimahaiak jakiak dastatu ostean bazkaria egin dute, eta lehiaketan parte hartu dutenen arroza ez ezik, antolatzaileek prestatu duten paella jateko aukera izan dute bertaratu direnek. Bazkalostean jakinaraziko dute nor izan den paella txapelketaren irabazlea.
Arratsaldean jarraituko dute ekintzekin. Izan ere, behin sabelak beteta, bingoa, boxeo ikuskizuna eta parrillada egingo dituzte.
Hona hemen datozen orduetarako prestatu dituzten ekintzak:
- 15:00. Bazkaria.
- Ondoren, bingoa.
- 17:30. Boxeo ikuskizuna.
- Ondoren, parrillada eta DJ Supernerasen emanaldia.