Proba zein partaide berriak eta jende ugari, Zezen Beltzen Grand Prix ikuskizunean

Maialen Etxaniz 2025ko urr. 18a, 20:00

Azpeitiko hiru talde eta Azkoitiko bat aritu dira lehian ordu eta erdi inguru iraun duen ikuskizunean. Umorea izan da protagonista, eta giro ederra sortu da jolasen bueltan. Bi mila herritar inguru bertaratu da ikuskizunaz gozatzera. Aurten aurrenekoz parte hartu du emakumez osatutako Oreo Txuriak taldeak. Berdinketarekin amaitu da lehia. Bihar jarraituko dute Zezen Beltz asteburuaren barruko ekintzek. 

Azken urteetan bezala, harrera bikaina izan du Zezen Beltz Asteburuaren barruan antolatutako Grand Prix ikuskizunak, eta zezen plaza jendez bete da hitzordurako; haur, gazte zein heldu bildu da plazan, 2.000 lagun inguru guztira. Aurreikusitako orduan, 17:00etan, hasi da lehia, eta ordu erdi erdi inguru iraun du. Guztira, zazpi lagunez osatutako lau talde aritu dira elkarren aurka nor baino nor, hiru talde Azpeitikoak eta bat Azkoitikoa: Xanjuandeiko Eroski, Pitufoak, Oreo Txuriak eta Kontzejupeko Semeak. Aurten debuta egin du emakumez osatutako Oreo Txuriak taldeak, eta aurreneko aldia izanagatik primeran aritu dira proba guztietan. 

Era askotako jolasak egin behar izan dituzte parte hartzaileek ikuskizunean zehar, horietako hainbat zezen txikiekin. Aurten berrikuntzak egin dituzte probetan, baina parte hartzaileek umorez erantzun dute. Era askotako probak egin dituzte: puzgarrien gainetik igaro eta ura pilatu, apardun igerilekutik pilotak hartu eta saskiratu, giza-boloak bota edota zaku barruan sartuta lasterka egin. Umorea eta giro ederra nagusitu dira zezen plazan, eta itxaronaldian gozokiak ere banatu dituzte Zezen Beltz elkartekoek, plazan elkartutakoen gozamenerako. Ondoren, Grand Prix-a bukatzean, 16 urtetik gorakoentzako zezen bolaztatuak izan dira. 

Bihar jarraituko du Zezen Beltz asteburuak. Done Jakue kalean izango dira goizeko ekitaldiak, nahiz orain arte plazan egiten zituzten. Herritarrek txahal saiheski, solomo eta oilasko pintxoak dastatu ahal izango dituzte kale horretan, eta gero, bigantxak izango dira berriro ere.

Arratsaldean, berriz, helduen entzierroa izango da Artzubitik plaza eta atzera Artzubira buelta, eta gero zezen bolaztatutak, Artzubia kalean, 16 urtetik gorakoentzat.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide