Klimaren Aldeko Jaia ospatuko dute igandean Ekoetxean

Maddi Txintxurreta 2025ko urr. 20a, 11:35

Ekoetxeak Azpeitian duen egoitza.

Ekin orain! lelopean, Klimaren Aldeko Jaia antolatu du Azpeitiko Ekoetxeak hilaren 26rako, igandea. Besteak beste, argazki mosaikoa, tokiko produktuen dastaketa eta ipuin kontalaria izango dira, 10:00etatik 18:30era.

Azpeitiko Ekoetxeak Klimaren Aldeko Jaia antolatu du iganderako. Ekin orain! lelopean ospatuko duten egun osoko festan, ulertarazi nahi dute klima aldaketaren ondorioak arintzeko herritar guztiek egin dezaketela zerbait, eta egitarau zabala prestatu dute mezu hori era desberdinetan zabaldu ahal izateko.

10:30ean hasita, Azpeitiko natura eta historia ezagutzeko aukera izango dute herritarrek, Xaguxatar bidea egin bitartean. Ibilbide honetan parte hartu nahi dutenek aurrez izena eman beharko dute.

11:00etatik 13:00etara, halaber, sormena eta kontzientzia ekologikoa uztartzen dituen hezkuntza jarduera bat antolatu du Ekoetxeak: Natura oihalean. Estanpazio tekniken bidez, hostoak, frutak, barazkiak eta loreak bezalako elementu naturalak erabiliz, jantzi desberdinak egiteko aukera izango dute herritarrek. Jarduera honetarako izen-ematea itxita dago jadanik.

Bazkaltzeko orduan, 13:00etatik 14:00etara, tokiko produktuen dastaketa egingo dute, eta arratsalderako, beste bi jarduera prestatu ditu Ekoetxeak: 16:00etan hasita, Maitane Cabezas sukaldariak Maitatu, koxinatu, eraldatu tailerra eskainiko du. Hark, lurra eta ekoizleak zaintzearen eta ekonomia solidarioa sustatzearen garrantzia azpimarratuko du. Sukaldaritza tailerrean parte hartzeko, esteka honetan eman behar da izena.

Klimaren Aldeko Jaia ipuin kontalariarekin amaituko da. Hiru urtetik gorako haurrek Kiribil doktorearen abenturak ezagutuko dituzte eta, aldi berean, ingurunea zaintzearen garrantziaz jabetuko dira. Jarduera honetan ere, beharrezkoa da izena ematea.

Era berean, QR eta Internet bidez, udazken honetan Klimaren Aldeko 10.000 konpromiso biltzeko Ekoetxea Erronka! sinadura kanpaina antolatu dute EAEko ekoetxe guztiek. Ekoetxearen atarian  sinatu dezakete herritarrek, "mundu hobe baterako klik eginez", edota igandeko Klimaren Aldeko Jaian antolatu duten Fotomosaikoan parte hartuz; 10:00etatik 14:00etara nahiz 15:30etik 18:30era egongo da horretarako aukera.

Azpeitia Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide