Datorren astiralean, urriaren 24an, Liburutegien Nazioarteko Eguna izango da, eta Azpeitiko Udal Liburutegian hainbat ekintza antolatu dituzte data horren bueltan, aste honetarako zein datorrenerako.
Lehendabiziko hitzordua gaur bertan izango dute: Xabier Montoiaren Lautadako mamua liburuaren gaineko solasaldia izango dute Irakurle Taldekoek, 18:00etan, Pako Aristik gidatuta.
Etzi, asteazkenarekin, Irakurketa Errazeko Festaren txanda izango da. Urtero legez, Bista-Eder eguneko zentroko eta Goienetxe fundazioko Irakurketa Errazeko taldeak elkartu, eta irakurketa saio berezia eta festa egingo dituzte liburutegian, 11:00etatik aurrera.
Datorren astekoak
Astelehenean, HH 4. mailako ikasleei zuzendutako ipuin kontaketa saioa eskainiko du Manex Beristainek, 17:30ean. Saioa doakoa izango da, baina aurrez izena eman beharko da parte hartu ahal izateko: ostirala izango da horretarako azken eguna.
Asteartean, berriz, LH 1. mailako ikasleentzako eskulan tailerra egingo dute liburutegian, 17:30etik aurrera. Plazak mugatuak izango dira, eta aurrez izena eman beharko da, honako lotura honetan.
Hitzordu horiez gain, LH 3. mailatik LH 6. mailara arteko ikasleek Irakurleen Txokoaren hitzordua izango dute hilaren 29an, asteazkenean, 17:30ean. Josu Ozaitaren eta Joseba Larretxaren Gau beltza liburuaz ariko dira solasean. Parte hartzeko ez dago aurrez izena eman beharrik.