Igandean eta astelehenean Maspalomas filma ikusi ahal izango da Soreasu antzokian. Ohiko moduan igandeko saioa 19:30ean hasiko da, eta 21:00etan, berriz, astelehenekoa. Bi emanaldietarako sarrerak Kulturaz kooperatibaren webgunean eros daitezke. Dena den, film emanaldiak hasi aurretik ere eskuratu ahal izango dira Soreasuko leihatilan.
Moriarti ekoiztetxearen filma 73. Donostiako Zinemaldiaren sail ofizialean lehiatu da, eta arrakasta lortu du ikus-entzuleen artean. Gainera, Zinemaldian aktore onenaren zilarrezko maskorra jaso zuen Jose Ramon Soroiz filmeko protagonistak. Gainera, Nagore Aranburu azpeitiarra da filmeko beste aktoreetako bat.
Honako hau da Maspalomas-en sinopsia: "76 urte dituen Vicente da filmeko protagonista, eta bikotearekin hautsi ondoren, gustuko duen bizimodua egitea erabakiko du Maspalomasen: eguzkia, parranda eta gozamena dira bere eguneroko jardunak. Istripu batek, ordea, Donostiara itzultzera behartuko du, eta han aspaldi abandonatu zuen alabarekin egingo du topo. Vicentek adinekoen egoitza batean bizi beharko du aurrerantzean, eta bertan armairura itzuli beharra sentituko du, konpondutzat zuen bere buruaren alde bat ezkutatuz".
Bestalde, umeei zuzendutako Sari nagusia ziztu bizian filma ikusi ahal izango da igandean Soreasun. 16:30ean hasita eskainiko dute animaziozko filma, eta sarrerak salgai daude dagoeneko.
Honako hau da film horren sinopsia: "Eddak auto lasterketetako pilotu bihurtzea du amets. Ustekabean, bere ametsa egia bihurtzen da: gainbeheran zegoen jolas parkea lasterketa zirkuitu bihurtu dute. Bere idoloarekin, Ed pilotuarekin batera, Europako Sari Nagusia izango du erronka, eta lasterketaren aurkako sabotaje plan bat aurkituko dute. Lortuko al dute lehiaketa salbatzea eta jolas parkea ixtea saihestea?".