Punturik gabe gelditu dira Lagun Onaken talde nagusiak futboleko azken jardunaldian. Ohorezko Erregional Mailako bosgarren jardunaldian, Goierri Gorrik 0-1 menderatu zuen Lagun Onak Garmendipen; Espainiako Hirugarren Mailan, berriz, 3-0 galdu zuten Azpeitikoek Deustoren zelaian.
Gol goiztiar batek erabaki zuen Lagun Onakek eta momentuz partidarik galdu ez duen Goierri Gorrik igande bazkalondoan Garmendipen jokatu zuten neurketa. Etxekoak nahi eta ezin aritu ziren hasieratik, eta Goierrikoek, berriz, neurketa osoan zehar bi taldeen aldetik izan ziren gol aukera apurretako bat baliatu zuten partidako gol bakarra egiteko, 7. minutuan. Aitor Zubizarretak eta Iñigo Segurolak gidatzen duten taldea ahalegindu zen markagailua berdintzen, baina izugarri kostatu zitzaien baloia eta jokoa bereganatzea. Azken minutuetan, bai, lortu zuen Lagun Onakek jokoan nagusitzea, baina presaka aritzeak ez zien mesederik egin.
Bost jardunaldi jokatuta, bi garaipen, beste horrenbeste porrot eta berdinketa bat pilatu ditu Lagun Onaken emakumeen talde nagusiak. Zazpi punturekin, 11. postuan dago Azpeitiko taldea. Datorren asteburuan Irauli Bostekoren etxean jokatuko du Zubizarretaren eta Segurolaren taldeak.
Ahazteko modukoa
Emakumeak bezala, Hirugarren Mailako gizonak ere okertuta hasi ziren Deuston, eta zuzentzeko adina indarrik ez duten erakutsi. Ahazteko moduko partida izan zen zapatukoa Jose Luis Riberaren taldearentzat.
Etxeko taldeak indartsu ekin zion neurketari, eta 3. minutuan egin zuen lehen gola. Horrela, jokoaren ekimena Lagun Onaki uzteko modua izan zuen Deustok, kontraerasoan markagailua gizentzen ahalegintzeko. Azpeitikoek, berriz, ez zuten lortu aurkariari minik egitea, eta lehen ordu erdia bete baino lehen jaso zuten bigarren kolpea, Deustok 26. minutuan sartu baitzuen 2-0ekoa. Lehen zatiaren azken minutu horiek izan ziren eskasenak Lagun Onakentzat. Bigarren zatian aurpegi hobea erakutsi zuten Riberaren gizonek, baina ez golik egiteko eta etxekoak beldurtzeko lain. Aldiz, partidaren azken txanpan, 87. minutuan, hirugarren gola egin zuen etxeko taldeak.
Hiru partida iraazita eta lau galduta, zazpigarren jardunaldiaren ondoren, sailkapenean hamargarrena da Lagun Onak, bederatzi punturekin. Datorren zapatuan, Zarautz hartuko du Garmendipen (17:00).