Bertsolaritza eta dibulgazio zientifikoa uztartzen dituen Jakinduriek mundue erreko dau saioa izango da igandean, 18:00etan, Sanagustin kulturgunean. Doako emanaldia EHUko Kultura Zientifikoaren Katedrak eta Kulturaz kooperatibak antolatu dute, eta Julio Soto nahiz Eli Pagola bertsolariek zein Ainhoa Bereziartua, Cecilia Fernandez-Altonaga eta Gaskon Ibarretxe ikertzaileek parte hartuko dute.
Hain zuzen ere, kantuaz eta errimaz arduratuko dira bertsolariak, eta haiei hiru ikertzaileek proposatuko dizkiete zientzia kontuak; hau da, bertsozientzia saioaren bidez, ezagutza errimekin jantziko dute denen artean. Idoia Torregarai kazetari eta umoregileak gidatuko du saioa.
Kanturako gaiak hainbat
Saioa Ainhoa Bereziartua ikerlariak irekiko du. Errezildarra Ingurumen-Osasunean doktoretza aurreko ikertzailea da, EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultatean, eta hiri ingurunearen, airearen eta ongizatearen arteko loturaz hitz egingo du. Zehatzago, aire kutsatuak, birikei ez ezik, pertsonen burmuinari eta osasun mentalari ere eragin diezaiokeela azalduko du.
Bestalde, Cecilia Fernandez-Altona EHUko Letren Fakultateko Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketetako saileko doktoregaia da, eta hark hizkuntza batzuk besteak baino zailagoak ote diren galderari helduko dio, ikerketen emandako ebidentziak oinarri hartuta.
Horrez gain, Gaskon Ibarretxe neurozientzietan doktoreak eta EHUko Medikuntza eta Erizaintza Fakultateko Zelulen Biologia eta Histologia saileko irakasleak ama zelulek nerbio sistema birsortzeko duten gaitasunaz jardungo du. EHUren ikerketa batzuk izango ditu hizpide, hortzen muinean neurona berriak sortzeko eta garuneko kalteak konpontzeko gaitasuna duten ama zelulak daudela frogatu baitute.